GAUR8

ELA gaixotasunaren ikerketan sakontzeko eskaera erronka formatuan heldu da Bruselara

Ez zen desafio erraza baina ELA gaixotasuna pairatzen duen Jaime Lafitak eta ondoan izan duen taldeak lortu zuten atzo Bruselara heltzea. 190 milia Getxotik Arroxelara eta beste 900 kilometro egin dituzte tandemez Bruselaraino, eritasunaren ikerketa indartu eta laguntzan eta sendabideetan bide berritzaileen aldeko mezua zabaltzeko.

Jaime Lafita bere taldearekin, Bruselara heltzean. (DalecandELA)
Jaime Lafita bere taldearekin, Bruselara heltzean. (DalecandELA)

Jaime Lafitak eta DalecandELA elkarteak «BrusELA Desafioa» bete zuten atzo eta Europako Parlamentuaren aurreraino eraman dute gaixotasunaren aldeko baliabide gehiagoren eskaera.

Pasa den ekainaren 11n irten zen Lafita Getxotik. Belaontziz 190 milia nabigatu ondoren, Arroxelara heldu zen pasa den 13an. Handik 900 kilometro gehiago egin ditu tandemez Bruselaraino.

Ez dira egun errazak izan, batzuetan bero handiko etapak izan baitituzte Lafitak eta elkarteko kideek. Gainera, bidean harriz eta hartxintxarrez betetako malda tarteak ere aurkitu dituzte, azaldu zutenez.

Hala ere, ez dute amore eman, eta ahalegin handiaren ostean gaur heldu dira Bruselara, hain zuzen ere ELAren nazioarteko egunarekin bat eginez. Hiriburura egin duten sarreran, gainera, Kris Boeckmans txirrindulari profesional ohiak erronkarekin bat egin eta haiekin batera sartu da hirira.

Bertan, Europako Batzordeko zenbait ordezkariren aurrean irakurri dute manifestua hizkuntza ezberdinetan. Azaldu dute ELArena gaixotasun arraroa, endekapenezkoa eta hilgarria dela, gaixoen gaitasun kognitiboa bere horretan utzi baina muskuluen ezinbesteko motorra kentzen duena.

Ondoan daudenei eskerrak

Sendabideak hobetzeko ikerketak eskatzearekin batera, gaixoen ondoan dauden zaintzaileen garrantzia ere nabarmendu dute. Lafitak eskerrak eman dizkio taldeari, lagunei eta senitartekoei. «Nire zaintzaileak dira eta gaixotasunak behar ditu», adierazi du bizkaitarrak, borroka espirituaren eta baikortasunaren balioen azpimarratuz.

Manifestuan, ikerketa zientifikoaren finantziazioa handitzeko eskaera egin dute baita ikerketa proiektu berriak martxan jartzeko. Tratamenduan eta laguntzan berritzaileak diren soluziobideen alde egiteko eskatu diete ordezkari politikoei.

Zabaldutako informazioaren arabera, ekitaldiaren aurretik, desafioaren protagonistek bilera birtuala izan dute hainbat ordezkarirekin. Bertan, besteak beste, ELA gaixotasuneko profesionalen eta gaixoen Europako elkarteko presidentea den Yvette Azzopardik, Luis Varona Basurtoko Ospitaleko neurologoak eta Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak hartu dute parte, zehaztu dutenez.

Jaime Lafitak gidatzen duen espedizioa ez da oraindik Euskal Herrira itzuliko. Asteazken honetan hitzordu bat du Europako Parlamentuan David Sassoli presidentearekin. Agenda arazoak izan direla eta, Sassolik ezin izan du gaurko ekitaldian egon, baina asteazken goizean hartuko ditu desafioa burutu duten lagunak.