GAUR8

Berrikuntzak ditu Aditu transkribatzaile automatikoak: orain fitxategi eledunak ere ulertzen ditu

Euskarazko eta gaztelaniazko audioak eta bideoak transkribatzeaz eta azpititulatzeaz gain, orain elebidunak ere ulertzen ditu Aditu plataformak. Testuak itzuli ahal izateko, gainera, badu Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratuta eta sortutako trasnkripzioak, azpitituluak eta itzulpenak webgunean bertan edita daitezke.

Aditu plataformaren erabilera telebistan, irudian. (ELHUYAR)
Aditu plataformaren erabilera telebistan, irudian. (ELHUYAR)

Audioak eta bideoak automatikoki transkribatzen eta azpititulatzen dituen Aditu Elhuyarren hizketa-ezagutzaileak zenbait berrikuntza estreinatzen ditu bere lehen urteurrenean, «euskararentzat giltzarri diren garapen teknologikoak sendotuz».

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia erabiltzen duen plataformak orain arte euskarazko eta gaztelaniazko hizketa ezagutzen zuen eta hizkuntza horietako batean zeuden fitxategiekin lan egiten zuen. Orain, beste aukera bat eskaintzen du, hizketa elebiduna transkribatzeko eta azpititulatzeko erabil baitaiteke, euskara eta gaztelania nahasian dituzten fitxategiak prozesatzeko.

Horrez gain, Elia itzultzaile automatikoa integratuta duenez, transkripzioak eta azpitituluak webgunean bertan itzul daitezkeela azaldu du Elhuyarrek. Ez hori bakarrik, «automatikoki sortzen duen emaitza webgunean bertan editatu dezake erabiltzaileak, eta ondoren behin behineko fitxategiak deskargatu».

Erabilera ugari arlo ezberdinetan

Azken urte honetan izandako esperientzian oinarrituta, sistemak izan ditzakeen erabilera ugari gogoratu ditu. Horien artean aipatu ditu ikus-entzunezkoen eta hedabide sektorean, dokumental eta saioen azpitituluak edota elkarrizketen grabazioen transkripzioak egiteko ematen dituen erraztasunak.

Zuzeneko emisioetan, administrazio publikoan, udalbatzen edo bestelako bileren aktak jasotzeko edo 4.0 industrian, hizketaz gidatutako makinetan, domotikan… transkribatzaileak dituen erabilerak azpimarratu dituzte.

Gogoratu du, bestalde, audio eta bideo fitxategiak nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak prozesatu daitezkeela, besteak beste EiTBkoak, RTVEkoak, Youtubekoak edota Facebook eta Instagramekoak. «Mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du», zehaztu dutenez.

Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu VTT zein SRT formatuan, eta transkripzioaren denbora markekin ere esaka diezaiokegula azaldu dute, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez. Horrez gain, prozesu osoan eskaintzen duen pribatutasuna azpimarratu dute.

Elhuyarren Youtubeko kanalean Adituren aukera guztiak azaltzen dituen bideoa ikus daiteke.