UEU
Elkarrizketa
Oskar Arantzabal
Ekonomialaria

«Gazteen artean aski ezezaguna da Krutwigen figura»

UEUk antolatuta, “Krutwigen berrirakurketa bere mendeurrenean” Udako Ikastaroa egin dute Eibarko Markeskoa Jauregian. Oskar Arantzabal ikastaroko antolatzaileak gogorarazi digu Federiko Krutwigek egindako ekarpenaren garrantzia.

UEU
UEU

Zer garrantzia izan zuen Federiko Krutwigek euskalgintzan eta gainerako alorretan?
Oso pertsona polifazetikoa eta poliedrikoa izan zen. Jendeak hizkuntzari lotutako gauzengatik ezagutzen du. Oso gaztetarik ekarri zituen irizpide berriak (Euskaltzaindian 26 urterekin hasi zen). Gure asmoa ikuspegi zabalagoa ematea da; adibidez, literaturan eta itzulpengintzan egin zituen ekarpenak ezagutaraztea. Historian ere “Vasconia” liburuarekin mugarri bat jarri zuen. Gaztetan irakurri genuen eta oso txundituta geratu ginen. Teknologia berrietan ere, iraultza zibernetikoa aurreikusi zuen “Computer shock” liburuan 1984an. “Garaldea” liburuan euskararen jatorriari buruzkoak ere oso interesgarriak dira, euskarak hizkuntza aurre indoeuroparrekin dituen loturak aipatzen dituelako. Ekonomian ere egin zituen ekarpenak eta hori azaroan egingo den Ekonomialari Euskaldunen biltzarrean begiratuko diogu.

Nondik dator ikastaro hau egiteko gogoa?
Baleren Bakaikoak pertsonalki ezagutu zuen Krutwig Erroman, erbestean bizi zenean eta azaroko ekonomia biltzarrean Krutwigek egindako ekarpenari buruzko ponentzia egin nahi zuen. Hortik tiraka, lagun talde bat harremanetan jarri eta konturatu ginen 100 urte betetzen zirela Krutwig jaio zenetik. Pixkanaka-pixkanaka jende gehiago eta talde desberdinak hurbildu zaizkigu, tartean Telesforo Monzon laborategia eta Eusko Ikaskuntza. Zarauzko eta Bilboko udalekin harremanetan ere jarri ginen bertan ere bizi izan zelako eta harrera polita izan dugu. Modu horretan urte osorako egitarau zabala antolatu dugu.

Bere bizitzako zein alor landuko dituzue?
Urte osoko egitaraua gaika antolatu dugu. Ikastaro honetan besteak beste Grezia Klasikoak berarengan izan zuen eragina landu dugu, Krutwigek Sophopolisaren kontzeptua, jakinduriaren hiriaren moduko proposamena egin zuelako. Oso utopikoa dirudien arren, gauzagarria da. Historia eta politikaren loturari buruz ere arituko gara. 


Zer berrirakurketa egin behar zaio?
Ez genuen testu zaharretan geratu nahi, baizik gaur egunetik begiratuta zertan asmatu zuen eta zertan ez ikusi nahi genuen. Horrez gain, konturatu ginen gazteen artean aski ezezaguna dela Krutwigen figura, beste talentu handi askorekin gertatu den bezala, adibidez, Txillardegirekin. Krutwig pertsonalki ezagutu zutenek badute berarekiko gertutasuna, baina transmisioa ere landu nahi izan dugu.

Zer beste helburu ditu ikastaroak?
Gure aukeren barruan, omenaldi xume bat egin nahi izan diogu. Erakundeen aldetik babes handirik jaso ez izanak harritu gaitu. Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri ginen eta gure proposamenak ez zuen aurrera egin. Jende askok eskertu digu UEU izatea proiektu honen bultzatzailea. Transmisioa da beste helburuetako bat eta poztekoa da parte-hartzaileen artean gazteak izatea, lan hau gal ez dadin.