GAUR8

Aiztondoren zirtotsaren oihartzuna ikasgelara

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak zirtoan oinarritutako proposamen pedagogikoa osatu du. Lehen probak eginda, emaitza positiboa da; errimatzen ikasteko baliagarria da zirtoa eta baita euskara aberasteko ere.

0717_zirtoa
Aste honetan Villabonan izandako aurkezpena.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek sinatutako lanak eskuratu zuen iaz Pello Mari Otaño beka. “Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa” proposamena gorpuzteko urtebeteko epea pasata, Mikel Artola arduratu da Amasa-Villabonako Subijana etxean amaitutako lanaren xehetasunak emateaz.

Zirtoa zer den deskribatzeko baliatu ditu lehen minutuak, eta hura ikasprozesuan non kokatu azaltzeko. Aiztondoren zirtotsa jasotzeko bilketa lana batez ere liburuetatik egin dute, bilketa horretan sakontzeko jende helduarekin elkartzeko aukera ez baita izan azken urtean. Aiztondo bailaran (Gipuzkoa) jasotako zirto historiko horiekin zein egileek beraiek sortutakoekin bideoak osatu dituzte, eta www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus webguneetan baliagarri jarriko dira erabilera didaktikorako. Gainera, lehen probak ere egin dituzte ikasgelan, bideo horiek baliatuta eta ikasleak zirtoak sortzen jarrita.

Errimatzen ikasteko balio du

Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena, eta ikas-irakas prozesua oinarrizko unitate horretatik hasteak gerora bertsoa osatzeko gaitasunean lagundu dezake.

Ez hori bakarrik. Hainbat dira zirtoaren lanketatik eratorritako onurak: sormena, jendaurrekotasuna eta dialektika eta lankidetza lantzeko aukera ematen du. Bestalde, “neurriaren kezka alde batera uzten duenez, zirtoak errimaren arazoa erdigunean jartzen du, eta arreta horretan jartzeak errimatzen ikasteko balio du”, azaldu du Artolak; harago joanda, “errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetu eta horrekin gozatzea” ere badakar.

Adarra jotzeko moduak euskaraz lantzeko aukera ematen du, beraz, zirtoaren lanketak, sormena eta irudimena ere gure hizkuntzarekin lotzeaz batera. Proiektuak horretan egin dezakeen ekarpena azpimarratu dute era berean: gazteen euskararen erabileraren emaitzak hobetzen.