GAUR8

Covid-19aren osteko gizartea berreraikitzeko konpromisoak, GKE-en azken podcasta

Covid-19aren ostean gizartea eraikitzeko herritarrek adierazitako konpromisoak bildu ditu Garapenerako GKE-en Koordinadorak laugarren eta azken podcastean. Azken honekin lau dira herritarren artean hausnarketa bultzatzea bilatu nahi izan duten audio artxiboak, «gizarte bidezkoago eta solidarioago baten oinarriak ezartzeko».

Herritarrak, Donostiako kaleetatik paseoan, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU).
Herritarrak, Donostiako kaleetatik paseoan, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU).

Garapenerako GKE-en EAEko Koordinadorak covid-19aren osteko gizartearen inguruko hausnarketa zabaldu eta herritarren eta erakunde sozialen iritzi ezberdinak bildu ditu podcast formatuan. “Eraikuntza Podcast” deitu dio proiektuari, eta plazaratu duen laugarren eta azken atalean konpromisoak landu ditu. Jada entzungai dago Koordinadoraren webguneko Ivoox atalean.

Nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 81 GKE biltzen dituen Koordinadorak norbanakoekin eta erakundeekin izandako solasaldietan bildutako hausnarketak partekatu ditu egitasmoari esker. “Eta zerekin konprometituko naiz ni?” izan da azken kapituluaren galdera, eta ahots ezberdinek adierazitakoaren arabera, auzo eta herrietan sortutako aldaketa prozesuetan inplikatzeko beharra eta zerbitzu publikoen defentsa dira etorkizunaren eraikuntzak izan beharko lituzkeen ardatzetako batzuk.

Adinekoen eta pertsona kalteberenen zaintza, enpatia elikatzea edota gutariko bakoitza gizartea eraldatzeko ezinbeste erreminta dela konturatzeko beharra izan dira entzundako beste hausnarketa batzuk, azaldu dutenez.

Koordinadoratik nabarmendu dutenez, «gure inguruan grabatutako lekukotzak» dira, gizartearen aniztasuna islatzen dutenak eta «katarsia gizarte berri baten oinarriak finkatzeko baliatzeko beharra partekatzen» dutenak. «Garapen-eredu berri bat da, eta bertan, hutsala eta azalekoa baztertu eta mundu hobea eraiki behar dugu, pertsona guztientzat eta leku guztietan, inor bazterrean utzi gabe», adierazi dute.

Zein mundu eraiki nahi dugun

Ildo beretik, aurreko podcastetan zein mundu eraiki nahi dugun, zer balio behar ditugun eta gizartea norekin berreraiki behar dugun planteatu dute. Istorioak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak bildu ondoren, zehaztu dute helburua era guztietako ideiak eta iradokizunak biltzea izan dela, «gure gizartea berriro sortzeko indarra izan dezagun».

Berreraikitze horretan, lankidetza, sormena, elkartasuna, konpromisoa eta denon ongizatea oinarrizko balio batzuk izan behar direla azpimarratu dute. Munduari begira, gogoratu dute osasun krisialdia pobrezia eta desberdinkeriak desagerrarazteko egindako aurrerapenak geldiarazten ari dela, eta «pertsona erdigunean jarriko duten neurri globalak eta koordinatuak hartu behar direla horri aurre egiteko».