GAUR8

Milioi eta erdi euroko bultzada, maskuriko minbiziaren kontrako nanoroboten eta botika berrien ikerketentzat

CIC biomaGUNEren parte hartzea duten bi ikerketa proiektu daude CaixaResearch Osasuna Ikertzeko aurtengo deialdian hautatutakoen artean. Egitasmo biak minbiziaren kontrako ikerkuntzarekin lotuta daude, maskuriko tumoreen eta bularreko minbizi batzuek garunean sortzen duten metastasiaren tratamenduarekin.

Jordi Llop, CIC biomaGUNEko biomaterialen alorreko ikerketa kooperatiboko zentroko ikertzailea. (CIC biomaGUNE)
Jordi Llop, CIC biomaGUNEko biomaterialen alorreko ikerketa kooperatiboko zentroko ikertzailea. (CIC biomaGUNE)

Minbiziaren aurkako bi ikerketek, maskuriko tumoreen aurkako nanorobotak garatzeko bata eta bularreko minbizi batzuek garunean sortutako metastasia tratatzeko botika berriak lortzeko bestea, Osasunaren Ikerkuntzarako CaixaResearch deialdiaren finantziazioa jasoko dute. CIC biomaGUNEren parte hartzea duten bi proiektuek milioi eta erdi euro jasoko dituzte «irtenbide berritzaileetan aurrera egiten jarraitzeko».

“Bladdebots Proiektua” (maskuri-robotak inglesez) egitasmo aitzindaria da nanorobot autopropulsatuen arloan. Minbizi ohikoenetan, errepikakorrenetan eta tratatzeko garestienetan ikertzen ari den konponbidea da. «Nanorobots-ak nano makinak dira eta beren kabuz ‘igeri egiteko’ eta minbizi-zeluletara bideratutako botikak garraiatzeko gai dira», azaldu du CIC biomaCUNEko Jordi Llop ikertzaileak.

Zehaztu duenez, giza ile bat baino milioi bat aldiz txikiagoak dira, eta «erreferentzia izango dira nanomedikuntzaren eta minbiziaren tratamendurako sendagaien administrazio adimentsuaren eta pertsonalizatuaren alorrean. Tumoretan hobeki barneratuko dira eta gaixoetatik eratorritako laginetan diseinu pertsonalizatua eskainikon dute», azaldu dute.

Izan ere, balddebots-ei esker nanoboten kokapena eta gaixotasunaren progresioa ‘in vivo’ monitorizatzeko aukera eman dezakete gama altuko irudi molekularreko tresnak eta abangoardiako teknikak erabiliz.

Garuneko metastasien kontrako tratamendua

CaixaResearch-en deialdia irabazi duen beste ikerketa lerroak “Breast-Brain-N-BBB proiektua” du izena, eta bularreko minbizi batzuek garunean sortutako metastasia tratatzeko medikamendu berri batekin lotuta dago.

Ikerketa garrantzitsua da, kasu horietan bizi-itxaropena oso laburra delako, tratamendua oso konplexua eta albo-ondorio asko dituelako. Llopek azaldutakoaren arabera, antigorputz eraldatuaren zati batean oinarritzen da farmako berria.

Ikertzen ari diren botika «aminoazido-sekuentzia bakar batean integratutako lau osagaik osatzen dute, eta bakoitzak funtzio berezi bat du: batek botika garunean sartzen laguntzen du; beste batek botika hori minbizi-zeluletan lotzen du; hirugarren osagaia botika askatzeaz arduratzen da, eta azkenik, osagai terapeutikoa edo botika bera dago, bere funtzioa egiteko».

«Gure lana botika horiek erradiaktiboki markatzea eta animalia-ereduetan injektatzea izango da, farmakoa tumore primariora nahiz garuneko metastasira iristen den ikusteko. Botika tumorera iristen dela baieztatu ostean, terapia-saiakuntzak egingo ditugu tumore-hazkuntza erabat moteltzea edo inhibitzea lortzen den ikusteko», adierazi du Jordi Llop-ek.