GAUR8

Mugikortasun jasangarria sustatzeko hitzarmena sinatu dute Sakanan

Sakana osorako mugikortasun iraunkorreko eredu bat lortzea da erakundeek sinatu berri duten hitzarmenaren erronka, eta dagoeneko urrats batzuk zehaztu dituzte bide horretan. Horietako bat autoa partekatzeko KudeaGo proiektu pilotua garatzea izango da, baita eskualdeko mugikortasunaren diagnostikoa egitea edota finantzaketa-funtsak bilatzeko lurralde-lankidetzarako proiektu europar bat diseinatzea.

Berta Miranda Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendaria eta David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidentea, hitzarmenaren sinaduran. (Nafarroako Gobernua)
Berta Miranda Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendaria eta David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidentea, hitzarmenaren sinaduran. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritzaren bidez, eta Sakanako Mankomunitateko Garapen Agentziak eskualdean mugikortasun jasangarria bultzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Akordioak 40.000 euroko finantziazioa dakar eta hainbat lan-ildo ezartzen ditu; besteak beste, KudeaGo proiektu pilotua garatzea eta finantzaketa bilatzeko lurralde-lankidetzarako proiektu bat diseinatzea.

Hitzarmena Berta Miranda Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak eta David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak sinatu dute.

Mirandak nabarmendu du administrazio guztiek batera lan egin behar dutela mugikortasun berderantz aurrera egiteko, «funtsezkoa izango baita Nafarroaren orainerako eta etorkizunerako», eta «erabakigarria» Sakanako biztanleak finkatzeko.

Orozen esanetan, erronka Sakana osoko mugikortasun iraunkorreko eredu bat egitea da, Gobernuarekin elkarlanean, eta bertan sortutako tresnak balioesteko beharra aipatu du, udalen arteko lankidetza, Garapen Agentziaren lidergoa, Sakanako eragileen parte-hartzea eta Dinabide proiektuaren inplikazioa aipatuz.

Diagnostikoa, urrats berrien oinarria

Hitzarmenean, erakundeek adierazten dute mugikortasun seguru eta iraunkorrerako estrategiak «funtsezkoak» direla jarduera ekonomiko eta sozialarentzat. Bide horretan, akordioak lan esparru ezberdinak izango ditu. Batetik, eskualdeko mugikortasunaren diagnostikoa egingo da, eta horren ondorioen arabera zehaztuko dira hurrengo ekintzak.

Izan ere, hortik bigarren urrats bat sortuko da: Mugikortasun Iraunkorreko Plan Bateratu bat egitea, autoan oinarritutako egungo ereduaren erronkei erantzuteko, eta udal guztien helburuak, irizpideak eta estrategiak bateratuko dituena.

Hitzarmenaren barruan, KudeaGo proiektu pilotua sustatuko da, eremu geografiko bereko pertsonen artean kotxez egiten diren ibilbideak partekatzea ahalbidetuko duen aplikazioan oinarrituta. «Dinabiderekin lankidetzan egingo da, eta Sakana osoan ezartzeko plan bat egingo da», zehaztu dutenez. Esperientziaren emaitzak, gainera, beste eskualde eta ingurune geografikoetan duen eragina era erabilgarritasuna neurtzeko balio izango duela azpimarratu dute.

Sakanako mugikortasun zerbitzuak eskaintzen dituzten eragileekin batera eredu berri baten oinarriak eta lurralde-lankidetzarako proiektu europar bat egingo da, datozen urteetan Sakanako mugikortasun jasangarria garatzen jarraitzeko finantzaketa-funtsak bilatzeko.