GAUR8

Donostian zabaltzen ari den «espezie inbaditzaileen lorategi klandestinoaz» ohartarazi dute

Donostiako Loiola auzoan eratu den «landare inbaditzaile lorategi klandestinoa» salatu du Parkea Bizirik Kukulunbera elkarte natutralistak. Inguruaren irudiak biltzen dituen «Inbasio isila» bideoa zabaldu du, arazoaren dimentsio kezkagarriaz ohartarazteko. Espezie batzuk kaltegarrienen artean sailkatuta daudela azaldu dute.

Matxiñenen, Donostiako Loiola auzoan, hiriko sarrera eta irteerako autobidearen azpian sortu den «landare inbaditzaileen lorategi botaniko klandestinoa» salatu du Parkea Bizirik Kukulunbera kolektiboak.

Bertan, Espezie Exotiko Inbaditzaile gisa katalogatutako «lore sorta» zabalak «bertako flora komunitateak eta haiei lotutako fauna leku aldarazi» eta desagarrarazi dituztela azaldu dute.

Inguruan atzeman dituzten landaredi inbaditzaileen artean, Tibet eta Erdialdeko Txinatik datorren «budleia arrunta» (Buddleja davidii), Hego Amerikan jatorria duen «Ipomoea indikoa» eta Argentina eta Brasil hegoaldekoa den «Panpa-lezka» (Cortaderia selloana) ezaguna daude, besteak beste. «Inbasioa udalerriko eta munduko bazter guztietan zabaltzen ari» dela nabarmendu dute.

Espezie inbaditzaile horien artean, oso kaltegarriak diren batzuk daudela zehaztu du kolektibo ekologistak. Izan ere, gogoratu dute «Natura babesteko Nazioarteko Batasunak espezie horietako batzuk, Japoniako poligonoa kasu, munduko ehun landare inbaditzaile kaltegarrienetakotzat» jotzen dituela.

Parke, plaza eta parterretan, diru publikoarekin

Salatu dute, gainera, Udaleko Ingurumen Sailak boluntarioen laguntzarekin «krokosmia» izeneko landarea errotik kentzen saiatzen ari den bitartean, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Sailaren barruan dagoen Parke eta Lorategien Atalaren ekimenez, espezie inbaditzaile horietako batzuk landatzen ari direla «udalerri osoko parke, plaza, biribilgune, erdibitzaile eta parterretan».

«Inbasio isila» izeneko bideoa grabatu du elkarte naturalistak, kontzientziazioa piztu eta egoerari aurre egiten laguntza eskatu du. Nabarmendu duenez, espezie inbaditzaileak gizakiak bere banaketa eremu naturaletik kanpo garraiatutako eta sartutako animaliak, landareak edo bestelako organismoak dira. Eskualde berrian ezartzea eta sakabanatzea lortzen dutenean «oso kaltegarriak» suertatzen direla azpimarratu dute, ekosistemen egitura edo prozesuak aldatu eta bertako dibertsitatea biologikoa arriskuan jartzen dutelako.