GAUR8

Mikrohitzaldiak, zientzia-pintxoak… prest dago Iruñea Ikertzaileen Europako Gaua ospatzeko

Iraunkortasuna eta ingurumena ardatz dituzten hogei bat jarduera prestatu dituzte hurrengo hilaren 24rako Iruñean, Ikertzaileen Europako Gaua ospatzeko. Aurreratutakoaren arabera, doakoak izango diren mirkohitzaldiak, dastatzeak, esperimentuak, antzerkia eta ibilaldiak izango dira proposamenetako batzuk.

Jaulab, NUPek inauguratu beri duen instalazio akustikoa, irudian. (UPNA)
Jaulab, NUPek inauguratu beri duen instalazio akustikoa, irudian. (UPNA)

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatuta, hogei jarduera baino gehiago izango dira hurrengo hilaren 24ean Iruñean, eta zentro akademiko horretako 50 bat zientzialarik gidatuko dituzte. Gehienak Civican kultur zentroan izango dira, 18.00etatik 21.00etara.

Unibertsitatean egiten den ikerketa lana jendeari hurbiltzea da ekimenaren helburua. Astearte honetan aurkeztu dute egitaraua Gurutze Perez Artieda Kultura eta Dibulgazio arloko zuzendariak, Idoia Labayen Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta “Ebaluatu zure egoera fisikoa familian” tailerreko arduradunak eta Javier Fernandez Valdivielso Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Unibertsitate Hedapen, Kultura eta Zabalkundeko Errektoreordetzaren bidez, Unibertsitateen 9. Taldearekin (G-9) bat egin du Europako 30 herrialdetako 300 hiritan aldi berean egiten den ospakizun honekin.

Jarduerak bost multzo handitan banatzen dira: dastatzeak zientziarekin, ibilaldiak zientziarekin, zientzia-pintxoak, esperimentatu eta zientzia artearekin.

Dastatze saioak hamar pertsonako taldeetan egingo dira eta NUPek ikergai dituen hainbat produktu dastatu ahal izango dira: Nafarroako sagar barietateak, olioa edo haragi jasangarria.

Zientzia ibilaldiak 15 eta 20 pertsona bitarteko taldeetan egingo dira, eta Iruñean zehar ibilbide gidatuak egingo dituzte biodibertsitatearekin, geologiarekin eta konpostajearekin lotutako hainbat alderdi azaltzeko.

Kafetegian, formatu lasaian

Zientzia-pintxoak dibulgaziozko mikrohitzaldiak dira, formatu lasaian, eta Civicaneko kafetegian izango dira. Honako izenburu inspiratzaileak dituzte: “Adinekoa denean zure burua irakurri nahi dut”, “Pandemia aukera bat al da?”, “Zergatik da garrantzitsua ekologiaz jakitea?”, “Etxeko etsaia: espezie natibo inbaditzaileak”, “Paisaiaren memoria: zein dira kontserbatzeko gakoak” eta “Itzala da”. Kasu horretan, taldeak dozena bat lagunek osatuko dituzte.

“Esperimentatu” blokean, hainbat tailer eta proba zientifiko egin ahal izango dira: “Biointsektizidak edo intsektizida ekologikoak nola egin”, “Sortu zure kargagailu fotovoltaikoa”, “Ebaluatu zure egoera fisikoa eta nutrizionala familian”, “Landareei PCR bat egingo diegu?”, “Argiak ezkutatzen duena” edo “CO2 bihurtzeko mikro erreaktoreak”.

Ikertzaileen gauean musikarako tartea ere izango da. Pablo Cotton eta Clobber DJek zuzeneko musika eskainiko dute Jaulaben, NUPen aurkeztu berri duten instalazioan. “Ciencia en pompas de jabón” ikuskizuna eskainiko dute eta 45 lagunentzako edukiera izango du “Yo quiero ser científica” emanaldiak.