GAUR8

Euskal historia eta oroimen historikoa Nabarralderen ikastaroan, urriaren 7tik aurrera

Nabarralde Fundazioak «Euskal Herriko Historia» online ikastaroaren edizio berri bat jarri du abian. Urriaren 7tik abenduaren 16ra izango da, ikasNabarralde plataforma berritu batekin. Izen-ematea fundazioaren webgunean egin behar da.

Urriaren 7tik abenduaren 16ra bitartean “Euskal Herriko Historia” online ikastaroaren bederatzigarren edizioa ospatuko da. Nabarralde Fundazioak Nafarroako Ikastolen Sarearekin elkarlanean antolatzen du, eta ekimenak berriz ere «itzal handiko» historialarien parte hartzea izango duela nabarmendu dute, besteak beste Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jose Louis Davant aipatuta.

Guztira, 90 ordutako ikastaroa da, «historiaurretik hasi eta 1936ko gerraraino, Orreagako batailatik, 1.200 eta 1.512ko konkistetatik edo karlistadetatik» igarotzen den ibilbidea eskainiz.

Ikastaroak Nafarroako Gobernuaren homologazioa dauka, eta bukatutakoan ziurtagiria dute osatu duten ikasleek.

Antolatzaileek aurreratu dute Euskal Herriko historiaren irakurketa orokor eta sintetiko bat dela eskaintzen dena, «ikuspegi propio batetik landua», eta gaur egungo errealitatean «eragina duten gertaera historikoak eta mugarri garrantzitsuenak» aztertzen dituena. Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzendariak azpimarratu duenez, «historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat».

Ezagutza eta gogoeta analitikoa sustatzea

Gaian interesa duten lagunentzat pentsatuta, prestakuntza behar duten ikasle eta hezkuntza munduko profesionalentzat tresna interesgarria izan daitekeela zehaztu dute, baita «egungo errealitatean interesa duten eta beraien heziketa pertsonal eta kulturalean sakondu nahi duten» ikerlari eta norbanakoentzat.

Hezkuntzako profesionalen prestaketarako izan daitekeen ekarpenaz gain, historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa sustatzea da ikastaroaren helburuetako bat, «gure historiaren ikuspegi zehatz eta dokumentatua» eskaintzarekin batera.

Ebaluaketa jarraituko formatuan, ikasleei laguntzeko «baliabide ugariak» eskaintzen dituen e-learning ikaskuntzan oinarritzen dela azaldu dute, tutoretzak, gaiei sarrera ematen dieten bideoak eta bestelako material gehigarria eta didaktikoa erraztuz.

Ikastaroak 150 euroko prezioa du publiko orokorrarentzat eta 100 eurokoa, Nabarraldeko sustatzaileentzat eta Ikastolen elkarteko irakasleentzat.