GAUR8

Bizkaiko Zientzia eta Teknologiaren Parkearen 35 urteak erakusketa batean

«Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna» izenburuko erakusketa inauguratu dute gaur Derion, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 35. urteurrenaren ospakizunen barruan. Bere historian zeharreko ibilaldiak berrikuntzan eta garapen polo gisa duen garrantzia kontatzen du urriaren 12ra arte Derion, eta hilaren 15etik aurrera Zamudion.

Esther Apraiz Derioko alkatea, Itziar Epalza parke teknologikoen sareko zuzendaria eta Joseba Urbieta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko gerentea, gaur eguerdian. (BZTP)
Esther Apraiz Derioko alkatea, Itziar Epalza parke teknologikoen sareko zuzendaria eta Joseba Urbieta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko gerentea, gaur eguerdian. (BZTP)

Derio eta Zamudioko udalerrietako lurretan egoitza duen Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak (BZTP) 35 urte bete ditu eta ospatzeko zentroaren historia, oraina eta etorkizuna herritarrekin partekatu nahi dituen erakusketa bitxi bat zabaldu dute ostiral honetan Aralar kalean.

«Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna» bildumak burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko hamar monolitoz osatuta dago. Hogei argazki artistiko, azalpen panelen eta QR kodeen bidez, «parkeak garapen ekonomikorako zentro eta I+G polo gisa duen garrantzia» zabaldu nahi du.

Irudiak Pedro Luis Ajuriaguerraren muskiztarraren lanak dira. Argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmenduta, nazioarteko hainbat lehiaketatan aintzatespena lortu du artista autodidaktak, azpimarratu dutenez.

Esther Apraiz Derioko alkateak eta Itziar Epalza EAEko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak inauguratu dute erakusketa, beste ordezkari batzuen artean. Biek nabarmendu dute Bizkaiko ekonomiak eraldaketa handia izan zuela 1985ean, «I+G+b-ri esker egungo industria-jarduerari balio erantsia emango zioten enpresak erakarriz eta ingurune natural batean kontzentratuz».

Aire zabalean diseinatutako erakusketa urriaren 12ra arte izango da Derion eta 15etik aurrera Zamudion, APTE parke zientifiko eta teknologikoen Estatuko elkarteak ospatuko duen biltzarrarekin batera. Erakusketa Abanto-Zierbenatik, Leioatik eta Bilbotik igaro da. Zamudion itxi ondoren, hamar monolitoak modu iraunkorrean instalatuko dira Derio eta Zamudio arteko lurrak hartzen dituen parkean.

Talentu eta ezagutza ekosistema

Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu egun, 3.300 milioi euro baino gehiagoko fakturazio bateratuarekin, eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretarako, azaldu dutenez.

11.000 lagun inguru ari dira lanean parkean; %7k doktoretza du, %57k unibertsitate-titulua eta %20k 30 urte baino gutxiago du. Azpimarratu dutenez, estrategikotzat jotzen diren sektoreetan aritzen diren enpresak hartzen ditu parkeak: aeronautikan, automozioan, elektronikan edo biozientzietan, besteak beste.

Ohar batean azaldu dutenez, «talentu eta ezagutza ekosistema batean dauden teknologia handiko enpresek funtsezko berrikuntza gune garrantzitsua bihurtu dute BPZT».