GAUR8

Urriaren 20ra arte dago ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa sarietara lanak aurkezteko aukera

EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak bultzatuta, ahozko kultur sorkuntza bultzatzeko deialdiak bi sari aurreikusten ditu: 2.000 euroko ikerketa proiektu sari bat eta 500 euroko beste sari bat amaituta dauden Gradu Amaierako Lanentzat. Ikerlanak aurkezteko epea zabalik dago urriaren 20ra arte.

Euskarazko antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, bikoizketa edota kontalaritzarekin lotutako ikerlanak hartuko ditu deialdiak. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Euskarazko antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, bikoizketa edota kontalaritzarekin lotutako ikerlanak hartuko ditu deialdiak. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ahozko kultur sorkuntzari lotutako ikerlanak sarituko dituen deialdiak hurrengo urriaren 20an itxiko du lanak aurkezteko epea. Hilabete eskas geratzen da, beraz, ahozko kulturaren inguruko jakintzan sakondu eta ikerlari gazteen eta ikerketan hasi berriak direnen lanak aitortu nahi duen proposamenean parte hartzeko.

Mintzola Ahozko Lantegiak EHUKo Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean antolatutako ekimena da, eta euskarazko antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, kontalaritza, bikoizketa edo ahoz emateko sortutako beste kultur adierazpide bat aztergai duen proiektuei zuzenduta dago.

Deialdiak bi sari izango ditu: 2.000 euroko bat ikerketa proiektu sari gisa eta 500 euroko beste bat, azken bi ikasturteetan defendatutako Gradu Amaierako lanentzat.

Ikerketa proiektu sariari dagokionez, oraindik egin gabe dauden ikerlanak garatzeko saria dela nabarmendu dute, eta «master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko badira ere, beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak» onartuak izango direla zehaztu dute.

Lanak unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta egon daitezkeela argitu dute. Deialdiak duen helburuen artean, ikertzaile gaztearen edo hasiberriaren ibilbidea aitortzea dago.

Kalitatea, garrantzia eta originaltasuna, irizpideak

Kalitatea, garrantzia eta originaltasuna ebaluatuko ditu epaimahaiak. Horregatik, oinarrietan zehaztu dute, gaia eta helburuak ondo zehaztuta egotea, metodologia egokia izatea eta ondo garatuta egotea edota lanak jakintzari egiten dion ekarpena, kontuan hartuko diren faktoreak izango dira. Era berean, euskarazko lanak lehenetsiko direla zehaztu dute.

Prozedurari dagokionez, bestalde, argitu dute Gradu Amaierako Lan (GRAL) bat edo Goi Mailako Antzerki zein Musika ikasketa bukaerako lan bat ere izan daitekeela.

Era berean, EAE, Nafarroa Garaia edo Pirinio Atlantikoko Departamentuko Goi Mailako Ikastegi zein Unibertsitateetako gradu ofizialetako ikasleek edo ikasle ohiek aurkeztu dezakete GRAL edo ikasketa bukaerako lana, baina azken horiek azken bi ikasturteetan defendatutako lanak izan behar dira.