Jone Bilbao
EKUADOR LANDATARRA

Zorrak eta injustiziaren uztak Andeetako sukalde xumeetan

Badago esaera bat Ekuadorreko landa eremuan nekazariek belaunaldiz belaunaldi helarazi izan dutena. «De la mata a la olla» esaldiak (euskaraz, landaretik lapikora) Andeetako sukalde xumeetan oihartzun egiten du, lurrun eta arranguren artean nahasirik, errealismoz gabetuz doazen elikadura-burujabetza desiren doinu, sabelak bete ostean sentitu ohi den poz aringarriaren ereserki.

Ekuadorreko Valle del Chotan kokatzen den  Pimampiroko argazki  orokorra (Jone BILBAO)
Ekuadorreko Valle del Chotan kokatzen den Pimampiroko argazki orokorra (Jone BILBAO)

Sarreran aipatutako kontzeptuak ongi islatzen du Andeetako herriek zein erroturik dituzten euren identitatean eta imajinarioan landutako lurrak eta chakra edo baratzeak. Zein ezinezko litzatekeen haientzat bizitzari zentzua bilatzea munduari ereite garaiak eta ilargi zikloak erantziz gero, edo uzta zikloen artean ernetako pazientzia kontzebitzeari utziko baliote. Ekuadorreko nekazariek beren eskuak eta fedea ematen dizkiote lurrari eta euriari, uzta sasoiari irits dadin erregutuz, guztiok bizirauteko behar dugun elikagaia hozitu dadin, gose direnen sabelak asetzeko.

Baina, artean, naturaren eskuetatik ihes egiten duten oztopoak agertzen dira, ekoizpen zikloak eteten dituztenak: kasurako, zorrak. Ekuador iparraldeko Valle del Chotako patata sail eta kanaberadietan barrena, zorren itzalak nekazarien lanaren balioa eta denboraren sakratutasuna zanpatzen ditu. Zorrek gatibu dituzte Andeetako biztanleen itxaropenak, erre egiten dute amesteko gaitasuna, Ekuadorreko eguzki gupidagabeak nekazarien azal gogor eta latzarekin egiten duen legez. Larruazalaren geruzekin gertatzen den bezala, galdutakoa ez da sekula berreskuratzen.

Denbora eta zorren kontagailua martxan, aitzur kolpe bakoitzean, nekazarien bizkarrezurrak bihurrituz doaz. Eskuak, sorbaldak, burua, lurzorutik gero eta gertuago, badirudi momenturen batean lurrarekin bat egin eta bertan geldituko direla betiko, sustraiturik, zuhaitzak balira bezala. Ziur behin baino gehiagotan izan duela nekazariren batek tentazioa bertan etzan, izateari utzi, eta norbere existentzia «egote» egoera iraunkor batera mugatzeko; zuhaitz eta sastraka artean, bestelako izakiekin nahasirik, goizaldetan haize gozoaren laztanak jaso eta gauetan, cuscungo hontzaren urrumak jasoaz, loaldi luze batean murgiltzeko. Hala, intsektu eta hegaztien elikaduraz baino ez lirateke jabetu beharko, ez lukete gehiago gizakirik elikatu beharko.

Mendekotasunaren uhala

Merkatu kapitalistaren arauek guztiz menderaturik dituzte Chota ibai arroaren ertzetan kokatutako nekazari komunitateak. Nekazaritza artisau eta ekologikoa, pazientzian eta zentzutasunean oinarriturikoa, dimentsio sinbolikoan mantentzen da. Gehienez ere, nekez, jendearen memorian bizirauten du. Arbasoen eskuetatik jasotako jakituria mitologiaren eta ondare immaterialaren arasetan gorderik geratu da, beraz: egunerokotasunean, bizitzaren alderdi hautemangarrian, galtze prozesu etengabean diraute Andeetako nekazari komunitate indigenek mendeetan zehar landu izan dituzten jakintza eta praktikek. Naturaren zikloak behatuz, lorratz eta akuiferoetan ezkutaturiko mezuak deskodifikatuz, edo inguruko sumendien dardarak interpretatuz garaturiko ezagutza ez da jada aplikagarria, merkatuaren logikak eszenatokiaren egiturak zanpatu eta zeharo eraldatu egin baititu.

Baina nekazari inguruetan erosotasun osoz lekukotzen joan diren finantza enpresak, paradoxikoki «finantza kooperatiba» izenez ezagutzen direnak Ekuadorren, ez dira larritzen naturaren gorabeheren aurrean. Beren joko arauak ekoizpen zikloez haratago inposatzen dituzte; nekazariak behartzen dituzte beti beldurrak airean bizitzera, salbazio gisa zeruari euri apur bat erregutuz. Ohikoa da nekazari komunitateetan, Valle del Chotan kokatzen diren Pimampiro gisako herritxoetan ere, herriko plazak «finantza kooperatiba» sukurtsalez josirik ikustea. Horiek kooperatibismoaren izen onaz apaintzen dituzte beren izen, eginkizun eta intentzioak, baina negozioaren benetako emaitzak laster batean agerian gelditzen dira: egunero saltzen dizkiete nekazari indigena eta lurgabeei ekoizpenerako kredituak, garai bateko chulquero edo mailegu emaileen legatua bereganatuz.

Ekuadorren chulco esaten diote lukurreriari, eta teorian legez kanpo bazen ere, praktikan ez da oraindik deuseztatu; horren seinale argia dugu finantza kooperatiben eginkizuna: bizirik iraunaraztea zorren espirala, Ekuadorreko landa eremuko gizarte egitura feudalak berezkoa duen tradizioa. Horrexek irudikatzen du hobekien antzinatik mendekotasunean dirauten komunitateek oraindik ere lepo gainean daramaten karga, eta nola pisu hori sekula arindu ezingo den zorren espiralak herritar xumeak menderatzen eta gizarte estruktura asimetrikoa blindatzen eta betikotzen jarraitzen duen bitartean.

Lukurreriaren jatorria

Chulco hitzaren etimologiari buruz, kitxua hizkuntzako hulquy terminotik dator, zeinaren itzulpena, hitzez hitz, «erauzi» edo «atera» litzatekeen. Beraz, herri hizkeran badira arrasto ugari ahalbidetzen digutenak antzinatik izan diren fenomenoak identifikatzea. Kasu honetan, lukuru edo «usura» existitzen zen jada trukean oinarritutako merkataritza primitiboen garaian eta, gerora, lehen bankuen kimu bilakatu zen. Esan genezake bankuen bidez lukurreria nolabait instituzionalizatu egin zela. Horrelaxe, normalizatu egin zen herritarrek ordaintzea, zergen bidez, politikari eta gobernuei emandako kredituak. Kristo aurreko 2000. urte bueltan argitaratutako Indiako idazki vedikoetan, Testamentu Zaharreko erreferentzia biblikoetan, K.o. 600. urteko Koranean eta, 1917ko Zuzenbide Kanonikoan, lukurreria laidoztatu egiten zen. Ostera, iraultza burgesaz geroztik (historiaren mendebaldeko interpretaziora mugatuz gero), norabide aldaketa bat gertatu zen, Latinoamerikako herrien ibilbideak zibilizazioaren logika inperialistaren oinpean utzi zituena. Orduan aldarrikatu zen, giza askatasunaren izenean, maileguak hitzartzeko libertatea, dagozkien interesekin. Montesquieuk aldarrikatu zuen dirua izango zela, trukerako tresna ez ezik, ekoizpen bidea.

Joan den mendean Ekuadorren, nekazariak huasipungo izenez ezagutzen diren lur eremuetan bizi ziren. Etxaldeetako lur jabeek lurrik gabekoei baimena ematen zieten lur zati batean bizitzeko eta, horren truke, bigarrenek derrigorrez beren lan indar guztia eman behar zieten lehenengoei. Indigenen mendekotasuna eta esplotazioa legeztatzeko sortutako instituzio hori joan den mendeko bigarren erdialdean debekatua izan bazen ere, gaur egun, praktikan, jarraitzen du. Dena dela, egungo Ekuadorreko nekazariek, huasipungoetan bizi ez arren eta, kasu batzuetan lurrak badituzten arren, ezin izan dute dependentziaren gurpil zoro horretatik irten. Ondotxo ezagutzen dute kreditu eta zorren esanahia eta, halaber, ez dira gutxi praktika hori arbuiatzen dutenak eta errotik kentzearen alde lanean dihardutenak. Argi dago atzean badela harreman desorekatu bat; alderdi bat erauzlea den heinean besteari beti erauzia izatea tokatzen zaiola. Ekuadorreko nekazarientzat, betiere alderdi latzenean egotera kondenatuak izanik, beren ekoizpenak aurrera atera ahal izateko indarrez zorpetu beharrak guztiz suntsitzen ditu beren ekonomiak, proiektuak, beren amets eta autoestimua.

Baina bada beste elementu garrantzitsu bat erauzte horren objektu dena eta sarritan ikusezintasunean gelditzen dena: herri indigena eta nekazarien ikusmiren hondamena.

Zorpetzearen praktika orokortuak esan nahi du trukea, haien mundu ikuskeran ezinbesteko elementua izan dena, albo batean utzia izan dela.

Andeetako nekazari indigenek cambeo deritzoten trukea, erabateko elkarrekikotasun testuinguruan eman izan dena, mundua ikusteko logika singular baten parte da. Ikuskera horrekin loturik dago, adibidez, 1929tik aurrera Ekuadorren, nekazaritza kapitalismoa indarraldian izanik ere, Konstituzioan lukurreria debekaturik egotea: izan liteke elkarrekikotasunaren zentzua eta balioa instituzioek noizbait garrantzitsutzat jo izanaren adierazle bat, benetan aplikatuz gero posible litzatekeelako berau eragozten duen praktika doilor eta umiliagarria desagerraraztea. Baina, legeen markoetako zirrikituetan barrena irristatzen diren errealitate pusketek agerian uzten dute chulcoa negozio mamitsua dela egun Ekuadorren eta, chulquero ofizial edo legalak legeen marjinetatik at azpikerietan dabiltzan lukurariekin bizikidetzan eta lankidetzan dihardutela. Bigarrenak periferietatik zelatan egoten dira, hegazti sarraskijaleak balira bezala, eta beren harrapakinei oldartzen zaizkie hauek banku eta finantza kooperatiben eskutik baztertuak izan direnean.

«Chulquero ez-ofizialek operazio azkarrago bat eskaintzen dizute, burokraziarik gabe, interes baxuagoekin, baina epe laburragoa uzten dizute zorrak kitatzeko», azaldu du Diego Chasiguanok, Valle del Chotan kokaturik dagoen Pimampiro herrixkako nekazari gazteak. Horrela lortzen dute lukurariek legedia saihestea eta epaiketa prozesuetan iruzur egitea. Frogarik eta egiaztagiririk egon ezean, epaiketek ez dute sekula aurrera egiten.

Pobrezia areagotzen duen katea

Zorrak, Ekuadorreko landa errealitatean, ordena edo patroi distortsionatu eta ilogiko batean oinarritzen dira: interes tasak eta baldintzak ez ditu zehazten ekoizpen errendimendu mailak eta, are gutxiago, elikagaiaren berezko balioak (gizarte osoaren oinarrizko behar bat asetzen duen produktua, alegia). Erabilera balioak ez du parte hartzerik logika horretan, noski. Eta, truke balioa diru kapitalean eraldatzean; hau da, ez da elikagaien ekoizpenean gauzatzen. Beraz, esan daiteke denbora burbuila antzeko bat eratzen dela, sufrimendua atzeratzen duena, larritasuna kronifikatu, eta, azkenean, kapitalaren jabeen poltsikoak lodituko dituen fikziozko aberastasun bat besterik ez da gauzatzen, ziklo horretan benetan lan egin eta ekoizpena lortu dutenen pobrezia areagotzearen kontura.

Perspektiba marxista oinarritzat hartuz, nekazari batek ekoizpen kredituetara jotzean gainbalioaren erauzketa kapitalista gertatzen da; hau da, esplotazio kasu baten aurrean gaude, nekazaria tresna gisa erabilia delako, erabilera horren helburua onura pribatua delako eta, horrek, sufrimendua eragiten diolako erabilia izaten ari denari. Dena dela, zein puntutaraino koka daiteke nekazarien eta «finantza kooperatiben» arteko zorpetze prozesu hori harreman kapitalisten markoaren baitan? Esplotazio modu hori ez al dago gertuago –behintzat Mendebaldean erabili ohi ditugun definizio eta interpretazioetatik abiatuz gero– kapitalismoaren aurretiko erauzte feudal baten definiziotik?

Zentzu horretan, Ekuadorreko gizarte landatarrak oraindik feudalismoaren eta hausipungoaren erregimenaren legeen lokatzetan lohiturik ditu oinak. Nekazariak, kreditua eskatzean, kapital kopuru jakin bat bueltatzeko konpromisoa bere gain hartzen du. Kapital hori ez da bueltatuko aurreratutako diruaren balorizazio moduan. Aitzitik, kapitalaren itzultzeak, interesekin puztuta egon arren, ez du maileguan hartutako diruaren balorizaziorik suposatzen; nekazariaren ekoizpen zikloak eta lortutako fruituek ez dakarte kapital horren balioaren errealizaziorik. Lukurreriaren sorgin gurpil horretan zorpetu egiten dira jakinik zer datorren, zein izango diren ondorioak, mendeetan horixe errepikatzen da behin eta berriz. Halere, lurrik gabekoek, baita lur kopuru txikiak dituztenek ere, «kooperatibetara» jotzen jarraitzen dute. Zer dela-eta?

Zer dela-eta zorpetzen dira?

Lurgabeak, kasu askotan, hirian bizi diren lur jabeek inposatutako errenta prezioei loturik bizi dira. Hori dela-eta, baliabiderik ez dutenez, zorpetzea besterik ez dute hileroko alokairua ordaindu ahal izateko. Ondoren etor litezkeen uztetan jartzen dute itxaropen osoa zor dutena bueltatzeko. Baina, funtsean, badakite merkatuaren manuko izanik, bitartekarien iruzurren eta gorabehera klimatikoen mende egonik, kaudimen gabetasunean erortzea askotan saihetsezina dela. Baina goseak sabelak estutzen dituenean, etorkizuna urrutiegi gelditzen da.

Euskal Herrian eta Iparralde Globaleko herrialdeetan kasu askotan horrela den arren, Ekuadorren bankuekin zorpetzen diren asko, batik bat, nekazariak, ez dira zorretan sartzen inbertitzeagatik edo beren ekoizpen jarduera dibertsifikatzearren; muturreraino beharrak jota daudelako egiten dute. Oinarrizkoak diren gastuak ordaindu ahal izateko. Hurrengo uzta baino lehen goserik jasan behar ez izateko. Beren lurrei fruitua emanarazteko behar dituzten lehengaiak erosteko. Ondoren, salmentatik ateratako lau txakur txikiak oinarrizko zerbitzuen eta alokairu neurrigabeen putzuan behin betiko gal daitezen. Carlos Armas Pimampiroko agronomia ingeniariaren aburuz, «momentu horretatik aurrera, nekazariak bere ekoizpenaren jabe izateari uzten dio eta kooperatiben zerbitzura esplotatutako langile izaten hasten da». Haren begiei etsipena darie gogoeta egin bitartean, laranjondo eta mertxika zaintzan, fruiturik ederrenen lurrin goxoaz inguraturik, lanean dabilen bitartean.

Lurrak dituzten baserritarrak ez dira zorren atzaparretatik libratzen. Haien aldean beste batzuk txiroagoak izan eta okerrago egon arren, nekazaritza zikloen urtarokotasunak, errendimendu urritasunak eta oinarrizko zerbitzuen ordainketak, azkenean, mailegu bila bultzatzen dituzte.

Zorren «arrazializazioa»

Espekulatzaileek, lukurreru informalek zein beren burua banku edo kooperatiba intsigniapean aurkezten dutenek, jendearen pobreziaren eta klimaren laztasunaren mugen artean jolas egiten dute. Helburua zein den, noski, ez da sekretua: etekin marjina handiak ateratzea, nahiz eta horrek landatar familia askoren duintasuna birrindu eta mundu ikuskera andetarra erauzi. Errealitate hori eta berau osatzen duten logikak ezin uler daitezke arrazismoaren markoetatik kanpo.

Arrazismoak, kasu honetan, kide ditu aporofobia (txiroarekiko gorrotoa) eta nekazariaren eta naturaren arbuiatzea, eta mimetizatu egiten da Ekuadorreko landa eremua osatzen duten giza harremanetan. Horra hor erauzketa kolonialak bizirik dirauela berresten duen egiaztagiria: legediaren markoetan gauzatzen diren eragiketa monetarioak; titulu eta interesen atzean ezkutatzen diren nahitaezko deserrotze, etxegabetze eta miseriak, zeinen ondorioz kapitalismoaren hierarkian goraka egiten dutenen ondareak etengabe gizentzen diren.

Zenbat zordun eta zenbat hartzekodun ote daude Ekuadorren? Bi alderdien arteko erlazioa simetrikoa ote da? Ba, ez. Hartzekodunak eskuekin konta daitezke; eta zordunak, aldiz, nonahi daude. Irabaziak ez dira partekatzen; zorrak bai. Kolektibizatu egiten dira: horrexek bermatzen du hartzekodunak izango duela nora jo mailegua bere eskuetara sasoiz edo osorik bueltatu ezean. Lurrekin gertatzen den bezalaxe, beraz, norberaren aldeko obligazioak oso esku gutxitan kontzentratzen dira. Maileguak uraren eta lurraren banaketaren inguruko injustiziaren produktu dira. Ama lurra gaixo dagoela ondotxo dakigu egun. Ezin ezkuta ditzakegu ingurumenaren hondamendiaren frogak. Maileguen eta zorren logikak erregaia jaurtitzen dihardu gizaki eta izaki bizidunen bizikidetza bidezkoa oztopatzen duen hondamendiaren sutera.

Merezi du, urriaren 16an ospatuko den Herrien Elikadura Burujabetzaren Nazioarteko Egunaren atarian, une bat eskaintzea Ekuadorreko nekazarien eskubideen aldeko kontzientzia hartze eta mobilizazio politiko kolektiborako aldarrikapenari.

1996an, Erroman, Elikaduraren Aldeko Goi Bileran, Vía Campesinak lehen aldiz argitaratu eta proposatu zuen «elikadura burujabetza». Iritsi da ordua beharrezko pausoak emateko laborantza mundua etengabeko asfixia egoeran mantentzen duten arazo historiko nagusien deuseztapenerantz. Herritarron eskuetan dago, kontsumitzaileongan, galtzen ari garen erro sen hori berreskuratzea, Andeetatik eta landa eremutik haratago hedatzen den sen hori. Bizitzaren hariarekin egiten diren pieza guzti-guztietan, lehen josturak nekazariek ematen dituzte: lurretik fruituak ateratzen dituzte krisirik larrienean egonda ere. Azken produktua, dirurik ezean nekez mahairatzen den elikagaia, etxe guztietako sukaldeetan izatea eskertu behar genuke.