GAUR8

Inpernuko Poza Trikitixaren Jardunaldiak erromeria izango du ardatz

Urriaren 9an Tolosako kultur etxean izango da Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatutako egitaraua.

Jardunaldiaren kartela
Jardunaldiaren kartela

Hemezortzigarren edizioa beteko du aurten Inpernuko Poza Trikitixaren Jardunaldiak. Egoerak hala eskatuta, egitaraua egun bakarrean izango da, datorren urriaren 9an, Tolosako kultur etxean. Aurtengo gaia erromeria izango da. Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik nabarmendu dutenez, «erromeriak izan dira trikitixaren sorburu eta ikasteko toki, erromerietatik abiatuz sortu izan zaizkigu hainbeste trikitilari bikain. Erromeriek gainera funtzio sozial ezinbestekoa bete izan dute eta gizartearekin batera eraldatuz joan dira, egokituz, trikitixak ere hertsiki loturik eraldaketa hori bizitu duelarik. Garai bateko txistu eta danbolinez osaturiko erromerietatik, dultzina eta atabaletik pasa eta soinu txiki eta panderoa nagusitu diren bitartean, dantza izan da bidea urte horietan guztietan sozializatzeko ezinbestekoak izan diren eremuetan».

Erromeriak izan duen garrantzia horretatik abiatuta, zenbait galdera paratuko dituzte mahai gainean: Ezagutzen al dugu erromeriek bete zuten funtzioa? Gaur egun funtzio bera al dute? Iraungo al dute erromeriek? AIKO taldeko Sabin Bikandi eta Patxi Laborda saiatuko dira galdera horiei erantzuten urriaren 9an, larunbata, eguerdiko 12:00etatik 13:30etara Tolosako kultur etxean. «Beraien ibilbide oparoak lagundurik erromeriaren kontzeptua eguneratzeko hausnarketa bikaina eskaini ahal digu talde honek. Erromeriek izan duten eraldaketa euren baitan bizitu dute Euskal Herriko plaza ezberdinetan, protagonista zuzena da talde hau gai honen inguruan», azaldu dute antolatzaileek.

Erromeria lurraldez lurralde

Egitarauak arratsaldean jarraituko du. 16:30etatik 18:00etara, erromeriaren errealitatea lurraldez lurralde aztertuko dute Euskal Herriko toki desberdinetatik etorritako gonbidatuek. Aritz Ibañez dantzari eta kazetari nafarrak gidatuko du arratsaldeko mahai-ingurua. Gipuzkoatik Xabier Etxabek parte hartu du; Eusko Ikaskuntzako partaide, hainbat ikerketa eginak ditu bere jaioterria den Zarauzko kulturari buruz eta bertako dantza taldeak aitzakia hartuta, baita erromeriaren inguruan ere.

Ipar Euskal Herritik Xabier Itçaina etorrriko da, Emile Durkheim Bordeleko ikerketa zentroko zuzendaria. Euskal Herria ardatz hartuta hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste herri kultura eta tradizioak ere kontutan izanik. Iparraldeko erromerien errealitatea ekarriko du mahaira.

Joseba Altubek osatuko du mahaia Bizkaitik, hainbat urtez Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari izanak. Dantzaren errealitatea eta Bizkaiko erromerien funtzioa aurrez aurre bizitu ditu ingeniari horrek.