GAUR8

Gabiriako bertsozaletasuna ikertuko duen proiektua aurkeztu dute

“Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian” proiektua aurkeztu dute. Kilometroek eta Mintzolak elkarlanean deitu duten bigarren ikerketa bekaren bidez garatuko da proiektua.

Ordizian izandako aurkezpenean jasotako irudia
Ordizian izandako aurkezpenean jasotako irudia

Gabirian bertsozaletasuna oso errotuta dago eta herri txikia izanagatik, bertsolari asko eman ditu. Betidanik izan dute berezitasun hori aztertzeko eta dokumentatzeko gogoa Gabirian eta helburu horrekin proiektu bat jarriko dute martxan, Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak eskaini duen bigarren ikerketa beka baliatuta. Proiektua aurrera eramango duen taldeak 3.000 euro eskuratuko ditu eta urtebeteko epea izango du ikerketa garatzeko.

Duela egun batzuk aurkeztu zuten proiektua Ordizian. Aurkezpenean, Mintzolako Beñat Gaztelumendik ikerketak egin ez ezik, haien aplikazioak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta horretarako, iazko deialditik eratorritako Aiztondoren zirtotsa ikerlana jarri zuen adibide. Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak honelako lanek euskararen sustapenean duten garrantzia jarri zuen balioan, eta kezka hori izanda, «etxeko lanak egiten jarraitu» eta Mintzolarekin abiatutako lankidetzarekin jarraitzeko prestutasuna adierazi zuen. Halaber, Gerriko Kultur Elkarteko Inaxio Usarraldek ikerketa bultzatzeko katebegian egotea «ohorea» zela adierazi zuen. Goierriko ikastolen izenean, San Benito ikastolako Xabier Maizak hartu zuen hitza: «Goierritik joango da Kilometroak bukatutakoan, baina joan aurretik ahozkotasunaren inguruko lan bat eskaini nahi zaio herriari». Hori izango da “Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian”.

Nondik datorren ikustea

Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk sinatu dute aurkeztutako proiektua, baina taldean egingo dute ikerlana beste zenbait gabiriarrekin batera. Aratz Igartzabal eta Eresti Oiarbide izan ziren taldearen ordezkari aurkezpena egiterakoan, baina agertu ziren taldekide gehiago ere; tartean zen Endika Igartzabal: «Txikitatik jaso dugu bertsoa zerbait ohiko bezala. Guretzat ere polita da ikustea nondik datorren hau, zergatik gauden egoera honetan, zenbat kasualitate gertatu diren edo zenbat lan egin den hona iristeko».

Kideek erosoen sentitzen diren horretan egin ahal izango dute ekarpena, eta hala banatu dituzte egitekoak: elkarrizketak egiten eta dokumentazioa jasotzen ari dira orain. Gabiriarekin eta bertsolaritzarekin lotutako anekdota, ikus-entzunezko, irudi edo antzerakorik izanez gero, gabiribertso@gmail helbidera bidaltzea eskertuko dute.