GAUR8

10. Elkar Sketch marrazketa maratoia urriaren 16an izango da, Gasteizen

Euskal Herrian barna antolatu izan den marrazketa maratoiak 10. edizioa beteko du aurten. Urriaren 14a baino lehen eman behar da izena. Marrazteko hitzordua urriaren 16an izango da, Gasteizen.

Aurreko edizio batean jasotako irudia.
Aurreko edizio batean jasotako irudia.

Eko-Sketchen azken edizioa Gasteizen izan zen 2019. urtean. Osasun larrialdiak behartuta, 2020an ez zen hitzordurik antolatu eta aurten berriz indartsu dator ekimena. 10. Elkar Sketch marrazketa maratoia urriaren 16an izango da Gasteizen. Aurreko edizioak Euskal Herriko toki desberdinetan antolatu izan dira eta hitzorduak izen desberdinak hartu ditu; Bilbo Sketch, Donostia Sketch edota Eko Sketch, besteren artean. Aurten, hamargarrena izanik, Elkar Sketch izenez antolatu dute.

Marrazketa maratoian parte hartzeko izen ematea www.elkarsketch.eus atarian edo Gasteizko elkar liburu-dendan egin daiteke, urriaren 14a baino lehen. Plazak mugatuak dira. Adin guztietako marrazkilariak anima daitezke, sariketa hiru kategoriatan banatu baitute; lehena, hamasei urtetik gorakoentzat; bigarrena, 10-15 urte bitartekoentzat eta, hirugarrena, hamar urtetik beherakoentzat.

Urriaren 16an, larunbatean, goizeko 9:30ak eta 11:00ak bitartean Gasteizko San Prudencio kaleko liburu-dendara gerturatu beharko dute parte hartzaileek eta bertan jasoko dute maratoian parte hartzeko materiala: Moleskine koaderno konpultsatu bat, Moleskine arkatz bat, Falerina Tabernan jasotzeko hamaiketakorako txartela eta Gasteizko Hiriko mapa bat. Arratsaldeko 18:30ak arte izango dute lehiakideek marrazteko epea. Ordu horretarako utzi beharko dute koadernoa Elkar liburu-dendan.

Derrigorrezkoa izango da marrazkiak Moleskine koaderno horretan egitea, baina Moleskine arkatza erabiltzea aukerakoa izango da. Marrazketa teknika guztiz librea da eta nahi diren margoak eta materialak erabil daitezke.

Lau gune marraztu behar dira

Aipatu bezala, materiala jasotzerakoan Gasteizko mapa bat ere emango zaie parte hartzaileei. Bertan adierazitako lau zonaldeak marraztu beharko dira derrigorrez. Honako lau guneak: Bibat museo-Bandaña Jauregia, Goiuri Jauregia (Matxete plaza), San Migel Arkanjeluaren eliza (Andre Maria Zuriaren plaza) eta Otxanda Andrearen dorrea - Arabako zientzien museoa. Lehiakide bakoitzak lau leku horietako marrazki bana egin beharko du gutxienez. Horiez gain, hiriarekin zerikusia duten nahi adina marrazki aurkez ditzakete koaderno berean. Antolatzaileek jakinarazi dute 12:00ak eta 12:30ak artean Falerina Lorategian hitzordu bat egin dutela, taldeko argazki bat atera eta elkarrekin hamaiketakoa egiteko.

Sariak honakoak izango dira: Helduen koaderno onenarentzat 100 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine oparia; Gazte-koaderno onenari, 70 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine saria, eta, haur-koaderno onenari, 50 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine saria.