GAUR8

Artean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboen errealitatea ikusarazteko erakusketa

Ostiral honetan, zortzi ikertzaile eta artisten «Zentzua eta sentsua» erakusketa «sentsitibo» kolektiboa inauguratuko da Barakaldon. Artearen eskuragarritasunaren inguruan hausnartzeko, bisitak begiak estalita egingo dira, entzumen edota ikusmen desgaitasuna duten pertsona eta haurren errealitatera hurbiltzeko.

Zentzua eta santsua
«Zentzua eta santsua» erakusketa kolektiboaren eskuorria, irudian. (EHU)

EHUko zortzi artista eta ikertzaileren erakusketa kolektiboa inauguratuko dute ostiral honetan Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan, Liburutegi Nagusian. Ekimenak artearen munduan baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboen errealitatean jarri nahi du fokua, batez ere pertsona itsu, gor eta haurrei begira, eta horren aurrean «zentzumenen bidez estimulatu daitezkeen artelanak» sustatzea du helburu.

“Zentzua eta sentsua” izeneko ekimenak kolektibo horiek ikusaraztea da daukan beste helburuetako bat. Horren inguruan, Arantza Gaztañaga parte hartuko duen egileetako batek eta erakusketa bera eragin duen doktorego-tesiaren egileak azaldu du pertsona horien errealitatea lehen planoan jarri nahi dela, «artearen eskuragarritasunari buruzko balorazio pertsonalak eman dituzten haurrei eta ikusmen-desgaitasuna eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonei hainbat elkarrizketa egin ondoren».

Izan ere, erakusketa izandako kontaktu horietan ateratako «ondorioak» kontutan hartuta antolatuta dagoela argitu du. «Pertsona itsu, gor eta haur horiek artearekin eta museoekin duten harremanerako zailtasunak aldarrikatu dituzte. Esposizio honetan Arte Ederren Fakultateko artista, ikertzaile eta irakasle direnek beren lanak sentsitiboagoak bihurtu nahi dituzte», azaldu duenez.

Piezak sentitu

Aldarrikapen horri erantzunez, beren lana irisgarria izan dadin irtenbide bila aritu dira erakusketan parte hartzen duten artistak. «Bisitari bakoitza begiak estalita joango da, eta espazio artistikoan zehar gidatzeko gai izan beharko du, jarraibideak oinari hartuta, zortzi piezak sentitu beharko ditu, baina begiratu gabe», zehaztu dute antolatzaileek.

Erakusketa hilaren 18tik 28ra bisitatu ahalko da arratsaldez, 17.00etatik 21.00etara, eta Mikel Arce, Maria Jesus Cueto, Joseba Eskubi, Angel Garraza, Arantza Gaztañaga, Susana Jodra, Veva Linaza eta Bego Vicario artisten lanak bilduko ditu.