GAUR8

Abian dira CAF-Elhuyar sari berriak, «Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak» lelopean

CAF-Elhuyar sariketaren edizio berriak lanak aurkezteko epea ireki berri du. Otsailaren 12ra arte ateak zabalik daude, beraz, dibulgazio artikulu originalak, zientzia-kazetaritza arloko lanak eta zientzia edo teknologia eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten lanak aurkezteko.

CAF-Elhuyar azken sarien banaketa, irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
CAF-Elhuyar azken sarien banaketa, irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen sariketak edizio berri baten ateak zabaldu ditu, “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” lelopean.

Elhuyarrek CAF enpresarekin eta Neikerren babesarekin antolatzen duen ekimenak zientziak behar duen irudimenaren osagaia nabarmendu nahi du oraingo honetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, egungo gizarteak erronka handiak ditu aurrean, klima-larrialdia, ezberdintasun sozialak edo aniztasunaren onarpena, besteak beste. Erronka horiei aurre egiteko bidean zientzia «ezinbesteko tresna» izango da, «baita irudimena ere», azpimarratu dute.

«Etorkizuna irudikatzeko ausardia beharrezkoa izango da, eta lehen pausoetako bat CAF-Elhuyar sarietan parte hartzea izan daiteke», adierazi dute sustatzaileek, «leloarekin bat egiten duten egile eta sortzaileak» animatzeko.

Lehen sektorea eta sari berezia 

Sariketak hiru kategoria ditu eta Neiker sari berezi bat, lehen sektoreari lotutako artikulu onenarentzat (2.000 euro) eta beste sariekin bateragarria dena.

Sariketaren atal bat dibulgazio-artikulu originalei zuzenduta dago eta bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrentzat bat eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluentzat. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria jasoko dute, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jasoko dute eta “Elhuyar” aldizkariaren urtebeteko harpidetza lortuko dute.

Zientzia-kazetaritza arloko lan saridunak, bestalde, 2.000 euro, Mendizabalen eskultura eta harpidetza eskuratu ditu; eta Sorkuntza-beka irabazten duen proiektuaren egileek 5.000 euro jasoko dute egitasmoa gauzatzeko, eskulturarekin batera.

Lanak otsailaren 12ra arte aurkez daitezke cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean.