GAUR8

Gazteen osasun mentalaren inguruko hausnarketak eta «Zeuk aukeratu» programaren nondik norakoak

Haur eta gazteen buru osasunaren inguruko adituen hausnarketak eta testigantza pertsonalak bilduko ditu Agifesek astelehenean Donostian ospatuko duen hitzaldiak. Saioan, «Zuk aukeratu» prebentzioan, sentsibilizazioan eta laguntzan sakondu nahi duen programaren xehetasunak eskainiko dituzte.

Irudian, haur eta gazteen buru osasuna aztertzeko Donostian ospatuko den hitzaldiaren kartela. (Agifes)
Irudian, haur eta gazteen buru osasuna aztertzeko Donostian ospatuko den hitzaldiaren kartela. (Agifes)

Hurrengo astelehenean, Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoak Gipuzkoan osasun mentaleko arazoak dituzten lagunak eta familiak biltzen dituen Agifes elkarteak antolatutako hitzaldia hartuko du. «Haurren eta gazteen buru osasuna. Gainditu gabeko ikasgaia» izenburua du deialdiak, eta testigantza pertsonalen eta adituen azterketen ondoan, “Zeuk aukeratu” programaren gaineko informazioa emango da.

Elkarteak aurreratu duenez, lau hizlarik hartuko dute parte: esperientzia pertsonala partekatuko duten Diana Subijana eta Erika Rico ama-alabak eta gaian adituak diren Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoak eta Aida Díaz Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko psikiatrak.

Azken honek bizitzako emozioak eta zailtasunak ezagutzen eta maneiatzen laguntzeko beharraren inguruan hitz egingo duela azaldu dute. Azuabarrenak, berriz, “Zeuk aukeratu” nerabeen eta gazteen «osasun mentala zaintzeko sentsibilizazio, prebentzio eta esku-hartze programaren barruan egiten ari den lana azalduko du», aurreratu dutenez.

Aipatutako programaren inguruan erantsi dute bi jarduera-ildo nagusi dituela. Alde batetik, ikastetxeetan ospatutako saioen bidez prebentzioa eta hezkuntza komunitatearen sentsibilizazioa lantzen da; eta beste alde batetik, gazteek behar duten laguntzan zentratzen da.

Pertsona ospetsuen testigantzak jasotzen dituzten bideoak ikasleekin egindako saio horien tresna nagusietako bat izaten direla azaldu dute. Buru osasuna zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzearekin batera, «adingabeen garapen pertsonalean hezkuntza-sistemako eragile guztiek (irakasleak, senideak, taldeak…) duten eginkizunaz kontzientziatzea» da beste helburu bat.

Eskaintzen duten informazioa lagungarria izan daiteke, gainera, osasun mentaleko arazoen zantzu goiztiarrak identifikazteko eta laguntza eta arreta baliabideak ezagutzeko, eta aldi berean, «estigmaren arrastoak minimitzatzen» laguntzeko, «osasun mentaleko arazoen ikuspegi errealista eskainiz, esteretipoetatik aldenduz».

Zortzi gazte programan

Programaren beste adar bat laguntzarekin lotuta dago eta 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, «bizi-proiektu propio eta itxaropentsua diseinatu dezaten, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta». Ekimena, zehaztu dutenez, zortzi gazterekin eta haien familiekin garatuko da 2021ean eta 20122an, datorren urtetik aurrera «biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko» helburuarekin.

Hitzaldia 18.00etan izango da eta edukiera murriztua izango du, 50 jezarleku ingururekin, baina online jarraitzeko aukera dago, zuzeneko emanaldia egingo baitute Agifesen Youtubeko kanalean.