GAUR8

Gaixotasun arraroak dituzten seme-alaben familiei zuzendutako jardunaldia antolatu dute hilaren 17rako

Gaixotasun arraroak dituzten haur eta nerabeen familiei zuzendutako jardunaldia antolatu du EHUko INKLUNI ikerketa taldeak Bilbon. Aurrez aurre zein online jarraitu ahal izango den topaketa horretan, abian jarritako azken egitasmoaren berri emango dute.

Haur talde bat eskalada egiten, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Haur talde bat eskalada egiten, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)

EHUko INKLUNI ikerketa taldeak gaixotasun arraroak dituzten seme-alaben familientzako jardunaldia antolatu du datorren asteazkenerako, Bilbon. Hitzordua Alde Zaharreko Burtsaren eraikinean izango da, 17.00etan, eta haurren eta nerabeen arretaren inguruko egitasmo berri batekin lotuta dago.

Unibertsitateak azaldu duenez, INKLUNI taldeak urteak daramatza gaixotasun arraroak dituzten lagunen inguruan bere ikerketa lerroa garatzen eta, bide batez, egoera bizi duten norbanakoei laguntzen. Helburu horrekin, taldeak gaixoen eta familien beharrei erantzuten saiatu diren hainbat proiektu bultzatu dituela gogoratu du.

«Jardunaldi hau egiteko arrazoia, hain justu, horretan sakontzea eta proiektu berri bat abian jartzea da», azaldu dute. Egitasmoaren nondik norakoak jardunaldian bertan zehaztuko dituzte, baina aurreratutakoaren arabera, gaixotasun arraroak dituzten haur eta nerabeen arretan, gizarte, osasun eta hezkuntza arloko koordinazioa bultzatuko du ekimen berriak.

Nabarmendu dute, era berean, familien ahotsa eta bizipenak txertatzea eta haiek ulertzea «funtsezkoa» dela «haien benetako beharretara hurbiltzeko».

Aurrez aurrekoa eta online

Jardunaldia bi formatutan jarraitu daiteke, aurrez aurre eta Interneten bidez, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar dela zehaztu dute antolatzaileek.

Aurreratu duten programaren arabera, INKLUNi taldearen ibilbidea azaltzeaz gain, egungo egitasmoaren ezaugarriak zehaztuko dira, eta aurreko egitasmoetan parte hartu duten familien arteko mahai-ingurua izango da.

INKLUNI ikerketa taldeak bazterkeria arriskuan dauden pertsonen hezkuntza ikerketa eta hobekuntzaren inguruko proiektuak garatzen ditu.
Ikerketan aurrera egitea eta hezkuntza praktikak aldatzea bultzatzea da helburu nagusia, familien, ikasleen, ikertzaileen eta hezkuntzako profesionalen arteko parte hartzea eta lankidetza sustatuz.