GAUR8

Bastidara heldu da «Inspira» programa bokazio zientifikoak bultzatzeko, batez ere nesken artean

Ikasleen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak bultzatu nahi dituen «Inspira» programa Bastidara heldu da aste honetan. Irakasleei eta familiei zuzenduta, STEAM arloetan dagoen genero arrakalarekin bukatzeko abian dauden ekimenetako bat da.

Ikasle talde bat eskola ordutegian, artxiboko irudian. (Guillaume FAUVEAU)
Ikasle talde bat eskola ordutegian, artxiboko irudian. (Guillaume FAUVEAU)

Ikasleen eta bereziki nesken bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzea helburu duen “Inspira” programa ostegun honetan heldu da Bastidara. Arabako Foru Aldundiko Berdintasunaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak, Deustuko Unibertsitateak eta Arabako Parke Teknologikoak sinatutako hitzarmenaren emaitza da ekimena, eta bi jarduera nagusi izango ditu, gaur bertan eta hilaren 23an, arratsaldean.

Nagusiki irakasleei eta familiei zuzenduta dago programa, eta lehen proposamena hezkuntza arloko profesionalentzat antolatutako hitzaldia da. Solasaldiak “STEAM arloetan genero arrakalari aurre egin” izenburua du eta euskaraz egingo da.

STEAM ingelesezko izendapenaren araberako akronimoak hezkuntzaren munduan zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak bezalako arloen sustapenarekin lotuta dago.

Bigarren jarduera familien parte hartzea bilatzen duen lantegi praktikoa izango da, «zientzia eta teknologien arloetako lanbideetako emakumeen faltaren arazoa ezagutarazteko».

Bokazio falta horren arrazoiak

Antolatzaileek aurreratu dute bokazio falta horren arrazoiak aztertzeaz gain, gazteei eta, batez ere, neskei nola lagundu azalduko dutela, etorkizuneko erabakiak hartzerakoan «konfiantza falta, sexuaren araberako aukera desberdinak, genero estereotipoak edo STEAM arloetako ikasketak eta lanbideak ez ezagutzea» bezalako arrazoiengatik baldintzatuta senti ez daitezen.

Araban garatzen ari den STEAM hezkuntzarekin lotutako programa horren ondoan, hainbat ekimen egiten ari da Hego Euskal Herrian eskualde ezberdinetan, bokazio zientifikoak bultzatzeko.