GAUR8

Online jardunaldia, bakterioen erresistentziaren erronkari nola aurre egin aztertzeko

Pandemiaren ostean bakterioen erresistentziaren egoera zein den eta erronka horri nola aurre egin hizpide izango dira ostegun honetan online jardunaldi batean. Topaketan, Carolina Darias Osasun ministroak hartuko du parte eta estatu mailako plan estrategikoaren ekimen berriak ezagutaraziko dituzte.

Ikerlari bat laborategi batean lanean, artxiboko irduian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Ikerlari bat laborategi batean lanean, artxiboko irduian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Antibiotikoekiko erresistentziaren aurkako Estatuko plan estrategikoaren barruan (PRAN, gaztelaniazko siglen izendapenagatik) online jardunaldi bat antolatu dute biharko, Covid-19aren pandemiaren ondoren bakterioen erresitentziaren egoera aztertzeko.

Hainbat adituren iritziak bilduko ditu topaketak, gaian sakondu eta datozen urteetan antibiotikoekiko erresistentziaren aurkako estatuko planak abian jarriko dituen ekimenen berri emateko.

Jardunaldia ostegun honetan izango da, 11.30ean hasita eta 13.30ak arte, eta doakoa izango da. Bertan, Carolina Darias Osasun ministro espainiarrak parte hartuko du, albaitaritzan, giza osasunean, animalien osasunean eta beste arlo batzuetako adituekin batera.

Egitarauan zehazten denez, urtean izandako lorpenak, gida terapeutikoak eta igorpen iturriak izango dira aztergaietako batzuk. Halaber, aurreratu dute Marian Garciak gidatuko duela topaketa eta galderak egiteko tarteak zabalduko direla.

Hitzaldia jarraitzeko izena eman behar da webgunean.

33.000 heriotza urtean

Egun, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen garapena osasun mehatxu larrienetako bat da. Estatuko plan estrategikoaren arabera, urtean erresistentzia anitzeko bakterioek 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan, eta osasun sisteman 1.500 milioi euro inguruko gastu gehigarria eragiten dute.

Arazo honen atzean, antibiotikoen erabilera ez egokia dago nagusiki. Horren ondorioz, azken urteetan medikamendu horien eraginkortasuna «pentsaezina» zen erritmoan galtzen ari dela ohartarazi dute adituek.