GAUR8

Emakumeek Hondarribiko historiari egindako ekarpena gogoratzeko proiektua sortu dute

Parean elkarteak “Emakumeen aztarnak Hondarribian” proiektua aurkeztu du. Emakumeek herri horren historiari egindako ekarpena gogora ekarri eta goraipatu nahi duen paseo birtualean oinarritzen da egitasmoa.

Catalina de Gijon.jpg
Catalina de Gijon, ‘Emakumeen aztarnak Hondarribian’ proiektuko protagonistetako bat. (Parean.eus)

«Hondarribiko historia pertsonaia ospetsuz beteta dago: erregeak, militarrak, elizgizonak, artistak. Velazquez margolari famatua ere gure kaleetatik ibili zen. Baina non dira emakumeak Hondarribiaren historiaren bilakaeran? Ez al zuten gertakari garrantzitsuenetan parte hartu?». Galdera hori bota dute “Emakumeen aztarnak Hondarribian” proiektuaren bultzatzaileek.

Egitasmo honekin emakumeek herri horren historiari egindako ekarpena gogora ekarri eta goraipatu nahi dute. Parean elkarteak sustatuta eta Maria Jose Noain Maura historialariaren eta Andrea Villamor Sanchez ilustratzailearen laguntzarekin egin da Hondarribian barrena doan ibilaldi hau.

Ilustrazioak, audioak, eta testuak harilkatuz hamar emakumeren biografia ezagutzeko aukera jarri dute martxan. Aurkezpenean azaldu dutenez, hamar emakume hauek gai sorta bat azaldu nahian aukeratuak izan dira: sorginkeriaz, merkataritzaz, botereaz, arrantzaz, arteaz edota gerraz arituko dira, beti ere emakumeen ekarpenetik. Emakume bakoitza gainera, hirigune historikoko puntu bati lotuta agertzen da, emakumearen historia pertsonala indartuz batetik, eta oinez egin daitekeen paseo eder bat sortuz.

Hauek dira proiektuan ageri diren protagonistak eta ze gaiari lotuta dauden: María Teresa Austriakoa (ezkontza), Hélène Feillet (bidaiak), Juana Mugarrieta (gerra), Inesa Gaxen (sorginkeria), Katalina Gijongoa (itsasoa), Margaret Jordan Patterson (artea), Justizeko neska (sedukzioa), Kkatalina Alkizakoa (merkataritza), Joana Gaztelakoa. (boterea) eta Graciana Lizarraga (indarkeria).

Paseo birtuala, audioz, ilustrazioz, testuz eta PDFz osatua dago proiektua eta Parean.eus web orrian etengabe egongo da ikusgai. Nahi duenak, nahi duenean paseoa ikusi eta bere kaxa egiteko.

Herriko eskolekin ere harremanetan jarri dira, proiektua ezagutu eta balia dezaten.

Proiektuaren aurkezpenean historiaren joan etorrian ahaztuenak beti emakumeak izan direla gogoratu dute. «Orain gutxi arte, ez dugu kargu publikorik bete, ezta karrera politiko edo militarrik ere, eta horrek iturri historikoetan izen femeninorik ez egotea azaltzen du, emakumeak gizateriaren erdia izan arren».

Ibilaldi herritarra, azaroaren 27an

Datorren azaroaren 27an, larunbatean, Maria Jose Noain Maurak gidatuta Emakumeen aztarnak Hondarribian paseo herritarra egingo da. Ibilaldia 11.00etan abiatuko da Arma Plazatik, doakoa izango da, baina parte hartzeko izena eman beharra dago, kopurua mugatua da-eta.