GAUR8

Elikaduraren mitoak desmuntatzeko hitzaldia, Miguel Herrero CSICeko ikertzailearen esku

Zeliakoa izan ez arren glutenik ez jateko moda, palma-olioa, betiko esnea edo landare ‘esneak’… Kalean elikaduraren inguruko hainbat mito dago, eta Miguel Herrero CSICeo ikertzaileak datu zientifikoekin desmuntatuko ditu banan-banan, hitzaldi batean, Donostian.

Produktu ezberdinez osatutako gosaria, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ/FOKU)
Produktu ezberdinez osatutako gosaria, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ/FOKU)

Elikaduraren inguruan dauden mito ezagunenak desmuntatuko ditu ostiralean Miguel Herrero CSICeko Elikadura Zientzien Ikerketa Institutuko ikertzaile zientifikoak. Hitzaldia Donostian izango da, Tabakaleran (19:00), eta aurreratutakoaren arabera, egun ohikoak izaten diren kezken inguruan hitz egingo du.

Solasaldia aretoan bertan jarrai daiteke, aurretik izena emanda, baita streaming bidez ere, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egokitutako esteka honetan.

Hizpide izango dituen gaien artean, zeliakoa izan ez arren glutenik ez jateko moda berria justifikatuta dagoen esplikatuko du Herrerok. Era berean, «detox dieta miragarriak», palma-olioaren erabilera edo behi-esnearen ordez landare esneak edatea osasuntsuagoa den azalduko du zientzialariak, “¿Qué sabemos de…?” bildumako “Elikaduraren mito faltsuak” liburuan oinarrituta.

Informazio zientifiko eguneratua

Hitzaldia Materialen Fisika Zentroa CSIC eta EHUren areko ikerketa zentro mistoak antolatu du, eta «informazio zientifiko eguneratua» eskaintzeaz gain, «jaten dugunaren efektuei buruzko sinesmen batzuk» gezurtatuko ditu.

Zehaztu dutenez, «superelikagaiak» izango ditu hizpide, azukre eta gozagarrien ondoan, eta tarte bat dedikatuko die esneari eta laktosari. Lehenengo eskuko informazio zientifikoa, beraz, elikaduraren hainbat arlotan kontzeptu argiak izateko.

Herrero Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta, gaur egun, CSICeko Elikadura Zientzien Ikerketa Institutuan (CIAL) dihardu ikertzaile zientifiko gisa.

Aurtegoa hitzaldi zikloaren bosgarren edizioa da