GAUR8

Lihoaren ikerketa animalien dietan, elikagai osasuntsuagoak lortzeko

Animalien dietan formula berriak aztertzen ari da Neiker ikerketa zentroa, animalia-jatorriko elikagaien nutrizio propietateak hobetzeko. Ohar batean azaldu duenez, lihoa da ikertzen ari diren lehengaietako bat.

Ardien eta txerrien pentsuetan ikertzen ari dira formula berriak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ardien eta txerrien pentsuetan ikertzen ari dira formula berriak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Bistakoa da dieta eta osasuna lotura dutela, eta neurri berean, animalien elikagaiek ondorio zuzena dutela giza osasunean. Testuinguru horretan, animalientzako pentsuak egiteko formula berriak ikertzen ari da Neiker, animalia-jatorriko elikagaien nutrizio propietateak hobetzeko.

Ikerketa zentroak gogoratu du gaixotasun kronikoen %95 ingururen atzean elikatzeko ohiturak edo ariketa fisikoa ez egitea daudela. Elikadurak kontsumitzaileen artean eragiten duen kezkaren jakitun, ikerketek nutrizio arlo horretan jarri dute fokua, horrek bere eragina ere baduelako ustiategi askoren jasangarritasunari begira.

Bide horretan, Neikerren parte hartzea duen Nutfood izeneko lankidetzazko ikerketa proiektua jarri da abian, animalien dietan formula berriak diseinatu eta animalia-jatorriko jakien «kontsumitzaileei plus osasungarriago bat emateko».

Olioa eta irinak lortzeko prozesua

Ekimen horren barruan, «tokiko hazi oleaginosoen olio eta irinen erabilera» probatu dutela esan dute, lihoa, koltza edo ekilorea erabiliz. «Hazi horiek hotzeko presioko prozesu mekaniko batetik pasatzen dira, eta prozesu horretatik olioa eta irina ateratzen dira», azaldu dute.

Formula berrikoak txerri eta ardi aziendarako pentsuak dira, «animalia horien haragiaren eta esnearen nutrizio profila hobetzeko». Roberto Ruiz Neikerreko Animalia Ekoizpeneko saileko arduradunak azaldu duenez, ikerketak ondorioztatu du «lihoa lehengai interesgarria eta ezin hobea dela animaliak elikatzeko eta animalia-jatorriko elikagaiak lortzeko, bai haragia, bai esnea, nutrizio ezaugarri osasungarriagoekin».

Adierazitakoaren arabera, bi saiakuntza egin dituzte, bat ardiekin eta bestea txerriekin, eta abere espezie bakoitzerako pentsuen hiru formula diseinatu dira; gero, pentsu konbentzional batekin alderatu dira.

Animalien elikaduran lihoaren erabilera nutrizio balio handiko iturria dela egiaztatu ondoren, haragikiak (hanburgesak eta txorizo onduak) eta esnekiak (jogurta eta gazta ondua) prestatzea eta aztertzea izango dira hurrengo urratsak Nutfood proiektuaren barruan.

Ikerketaren barruan, kontsumitzaile osasuntsuekin saiakuntza kliniko nutrizionalak egingo dituzte, «produktu horiek giza osasunean dituzten eragin onuragarriak aztertzeko».

Aipatutako egitasmoan, Neikerren ondoan, Leartiker zentro teknologikoa (proiektuaren gidaria), Metabolomips ikerketa taldea, EHU, ISS Osasun Ikerketarako Institutua, Bioaraba eta Teknalia zentro teknologikoa daude.