GAUR8

Hirien etorkizuna aztergai Euskal Hiria Kongresuan, 200 adituren parte hartzearekin

Euskal hirien etorkizuna marrazten duten gakoak aztertuko dituzte Gasteizen, datorren astelehenean eta asteartean, Euskal Hiria Kongresuan. Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta ONU-Habitatek antolatuta, foroak kanpoko eta inguruko zenbait eredu aztertuko ditu.

Gasteiz.jpg
Hirien etorkizunaren azterketan, kongresuak alderdi sozialari erreparatuko diola zehaztu dute. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Berrehun aditu bilduko dira datorren astean Gasteizen ospatuko den Euskal Hiria Kongresuan, euskal hirien etorkizuneko gakoak aztertzeko. Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta ONU-Habitatek antolatutako foro hori astelehenean eta asteartean bilduko da, eta formatu hibridoan ospatuko da, aurrez aurre eta online jarraitu ahal izango baita.

Bertoko eta nazioarteko adituak daude gonbidatuen artean, eta aurreratu dutenez, «praktika onen adibide» ugariri begira jarriko dira, besteak beste Parisko ‘15 minutuko hiria’ edota Somaliako eta Yemengo hiri plangintzako estrategiak aztertzeko. Horrez gain, hizpide izango dituzte Bilbo eremu metropolitarraren, euskal itsasertzaren eta Arabaren etorkizunaren gakoak.

Biltzarrak aztertuko dituen esperientzien artean, Estatu espainoleko jardunbide batzuk eta Europako beste herrialde batzuetatik etorritakoak daude. Foroak «ikuspegi europarra, estatutakoa eta autonomikoa» izango duela zehaztu dute, eta «hiriko esku hartzearekin lotutako alderdi sozialak eta ingurumenekoak» eztabaidaren zentroan egongo direla nabarmendu dute.

Europako funtsak eta eraikinen aztarna berdea

Europa Jauregian ospatuko den biltzar honetan jorratuko diren gaien artean Europako funtsak daude. Izan ere, «bertaratutakoek funtsak nola aplikatuko diren hobeto jakin» ahal izango dutela zehaztu dute, eta ingurumenari dagokionez, «eraikinen aztarna berdea bezalako ekimenak» ezagutzeko parada izango dela erantsi dute.

“Euskal Hiria Bultzatu 2050” izeneko Hiri agenda onartu eta urtebetera heltzen da kongresua. Aipatutako dokumentu horretan, «euskal hiri eta herrien etorkizuna norantz doan» azaldu eta 31 esku-hartze ardatzetan eta 105 jarduera ildotan antolatu dauden zortzi lehentasun estrategiko zehazten direla gogoratu dute.