GAUR8

Ekimen humanitarioak behar duen genero ikuspegian sakontzeko jardunaldiak egingo dituzte Bilbon

Ekintza humanitarioetan genero ikuspegiaren txertaketak duen garrantziaren inguruko gogoetak eta esperientziak bilduko dituzte Bilbon, maiatzaren 23an eta 24an. Munduko hainbat emakume aditu gonbidatu dituzte, tresnak, oztopoak eta ekiteko formulak aztertzeko.

Jardunaldiak Bizkaia Aretoan ospatuko dira, Abandoibarran, Garapenaren Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak antolatuta.
Jardunaldiak Bizkaia Aretoan ospatuko dira, Abandoibarran, Garapenaren Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak antolatuta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Garapenerako Estrategia Positiboen XIII. Jardunaldiek ekintza humanitarioek behar duten generoaren txertaketa jorratuko dute hurrengo maiatzaren 23an eta 24an. «Konpromisoa errealitate bihurtzea» da asmoa, eta horretarako, formula eta esperientzia ezberdinetara hurbilduko dira, gatazka armatuetan eta krisi humanitarioetan aritzen diren nazioarteko emakume adituen eskutik.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak antolatzen dituzte Bizkaia Aretoan ospatuko diren topaketak. Azaldu dutenez, «ekintza humanitarioak ez dira generoaren aldetik neutroak. Babes estrategiarik ezartzen ez bada, lehendik dauden diskriminazio eta desberdintasunetan sakondu eta biztanleria arriskuan jar daiteke». Testuinguru horretan, aldaketa eraldatzaile bat bultzatzeko aukera ere egon daitekeela nabarmendu dute.

Jardunaldien helburuen artean, erantzun humanitarioetan beharren diagnostiko azkarrak duen garrantzian sakondu nahi dute, «hobetzeko funtsezko tresna» den neurrian. Era berean, testuinguru, tamaina eta ibilbide ezberdineko erakunde eta instituzioen praktikak, esperientziak eta gogoetak ikusarazi nahi dituzte. Hirugarren asmo bat zehaztu dute, genero-ikuspegia txertatzearen oztopoen gainean eztabaidatzea eta genero ikuspegiarekiko sentsibilitate eta konpromiso handiago bat izatea eta tresnak aplikatzea oztopo horiek gainditzen laguntzen dutela erakustea.

Munduko herrialde ezberdinetako ikuspuntuak

Parte hartuko duten adituen artean, Palestina, Libano, Kolonbia eta Kenyatik etorritako txostengileak izango dira Bilbon. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, topaketak ekintza humanitarioan eta genero ikuspegian interesa duen publiko orokorrarentzat pentsatuta daude, baina bereziki lankidetzan lan egiten duten eragileentzat, ikerketa zentroetako eta unibertsitateetako langileentzat, GGKEetako teknikari eta boluntarioentzat edota erakunde publikoetako ordezkari eta teknikarientzat zein emakumeen eta feministen elkarteentzat.

Jardunaldiak online jarraitzeko aukera egongo dela zehaztu dute, baina parte hartzeko izena eman behar da. Epea maiatzaren 17ra arte dago zabalik, eta gutxieneko eskari kopururik egonez gero, haurrak zaintzeko zerbitzua egongo dela iragarri dute.