GAUR8

Boluntariotza-programa zabaldu du Urdabai Bird Centerrek, ingurumen-hezkuntzan eta ikerketa arloan trebatzeko

Ekainaren 10era arte zabalik dago Urdaibai Bird Centerren boluntariotza-programan izena emateko epea. Zentroko jardueretan aritzearekin batera, esperientziak ingurumen hezkuntzan, ekoturismoan eta ikerketa arloan gaitasunak garatzeko eskaintzen duen aukera nabarmendu dute.

Hegaztien behaketa zentroko instalazioetan, Urdaibai Biosferako Erreserban.
Hegaztien behaketa zentroko instalazioetan, Urdaibai Biosferako Erreserban. (Urdaibai Bird Center)

Urdaibai Bird Centerrek boluntariotza-programa berri bat jarri du abian udara begira. Helburua ingurumenarekin eta naturako turismoarekin lotutako arloetan pertsonak prestatzea eta heztea da, eta nabarmendu dute ekimenak ingurumen hezkuntzan, ekoturismoan eta ikerketaren arloan gaitasunak garatzeko zabaltzen duen bidea.

Ingurumen-hezkuntza eta Urbaibaiko natura-baliabideen dibulgazioa izango da boluntarioen eginkizun nagusietako bat. Horrez gain, boluntarioen lanen artean daude bisitariei informazioa eta arreta emateko jarduerak burutzea eta padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko ekimenetan parte hartzea. Era berean, haien esku egongo dira hegaztien jarraipen eta monitorizazio-proiektuak eta habitataren kudeaketarekin lotutako egitasmoak.

Hautagaien arteko selekzioan boluntario izateko zergatiak eta ornitologian, ekologian eta ingurune naturalean duten esperientzia eta ezagutzak baloratuko dira. Kontuan hartuko dira, bestalde, jendearen arretan izandako esperientzia eta hizkuntzen ezagutza, batez ere euskara, ingelesa eta frantsesean; eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako natura-balioei buruzko ezagutzak izatea.

Ostatua, zentroan bertan

Kanpainan parte hartuko duten lagunek Urdaibai Bird Centerren instalazioetan bertan ostatu hartzeko aukera izango dute, eta mantenua eta joan-etorriak boluntarioen kontura joango direla zehaztu dute.

Programan parte hartzeko, zentroko webgunean eskura daitekeen inprimakia bete behar da. Izena emateko epea ekainaren 10era arte egongo da zabalik, eta hautatutako lagunei hurrengo egunean jakinaraziko zaie.

Boluntariotza programa bukatutakoan parte hartzaileek egindako lanen gaitasun ziurtagiria jasoko dute.

Esperientziaren ondoan, zentroaren inguruko parajeak bisitatzeko suposatzen duen aukera nabarmendu dute, besteak beste Santimamiñeko haitzuloa, Ogoñoko kostaldeko itsaslabarrak, Laidako hondartzak, artadi kantauriarra edota Landazabal atlantikoko paisaiak aipatuz.