GAUR8

«Adimen desgaitasunaren definizio berriaren inplikazio praktikoak» aztergai Bilbon, Gorabideren eskutik

Gorabideren 60. urtemugaren ospakizunen barruan, «Adimen desgaitasunaren definizio berriaren inplikazio praktikoak» hitzaldia eskainiko du bihar Bilbon Angel Verdugo adituak. Online jarraitu ahal izango den ekitaldian arreta sistema aztertuko dute, eta 60 urte betetzen dituzten profesionalak omenduko dituzte.

Gorabidek bere komunitatearekin ospatutako ekimen bat, artxiboko irudian.
Gorabidek bere komunitatearekin ospatutako ekimen bat, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bizkaiko adimen desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak biltzen dituen Gorabide elkartearen 60. urteurrenaren ospakizunen barruan, arreta sistema eta definizio berriaren inplikazio praktikoak aztertuko dituzte bihar (hilaren 7an) Bilbon, eta 60 urte bete dituzten profesionalak ere omenduko dituzte Youtube kanaletik jarraitu ahal izango den ekitaldian.

Adimen desgaitasuna duten pertsonen arreta aztertzeko, Miguel Angel Verdugo aditua gonbidatu dute. Komunitatea Integratzeko Unibertsitate Institutuko eta Osasun, Gizarte Gai eta Berdintasun Ministerioko Desgaitasunaren inguruko nazioarteko erreferentea da Verdugo, eta “Adimen desgaitasunaren definizio berriaren inplikazio praktikoak” aztertuko ditu Ensanche Eraikinean, 12.00etatik aurrera ospatuko den hitzaldian.

Elkarteko profesionalak saioaren beste protagonista nagusiak izango dira, sei hamarkadako lan ibilbidean zehar adimen desgaitasuna duten pertsonen arretan izandako dedikazioa aitortzeko. Gorabideko hiru profesionalen arteko solasaldia izango da, adimen desgaitasuna duen pertsona batek aurkeztuta.

Gorabiden urte askotako eskarmentua duten Agustin Garciak arreta zuzeneko profesionalak eta Leire Ibañez koordinatzaileak, eta babes-arloetan aritzen den Amaia Martinezek, arreta eta laguntza-sistemetan izan den bilakaeraz hitz egingo dute.

Ekitaldia ixteko, 60 urte betetzen duten Gorabideko profesionalak omenduko dituzte, «haiek izan baitziren elkarteak 80ko hamarkadan izan zuen profesionalizazioaren protagonista, eta ezinbestekoak izan baitira egun den erreferentziazko elkartea bihurtzeko, gaitasun bikainekin, are gehiago, pandemia garai hauetan», nabarmendu dute.