GAUR8

«Festi Aefat Urduña 2022», asteburu bat ataxia telangiektasiaren ikerketan laguntzeko

Ataxia telangiektasia duten gaixo eta senideen Aefat elkartearen aldeko festibala ospatuko da Urduñan ekainaren 24ean eta 25ean. Musikaren atalean, besteak beste, Reincidentes eta ETS agertzen dira kartelean, baita adin guztientzako prestatutako jarduera desberdinak ere.

ETS taldearen abeslaria NAIZ Kontzertuetan, artxiboko irudian.
ETS taldearen abeslaria NAIZ Kontzertuetan, artxiboko irudian. (Gaizka PEÑAFIEL)

Hilaren 24ean eta 25ean, «I. Festi Aefat Urduña 2022» ospatuko dute Bizkaiko udalerrian, ataxia telangiektasiaren ikerketa bultzatzeko. Eskualdeko haur batek pairatzen du oraindik sendabiderik ez duen gaixotasun genetiko neurodegeneatibo hori.

Hori dela eta, azken urteetan hainbat ekimen izan dira Aiaraldean gaixotasun horren ikerketarako funtsak biltzeko. Urduñako festibalaren lehen edizio horretan bildutako dirua AEFAT gaixoak eta familiak biltzen dituen elkartearentzat izango da.

Musika jaialdiak eta adin guztientzako bestelako jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu dute. Ostiral arratsaldean jarriko da abian, eta 22.30ean hasiko den Reincidentes musika taldearen kontzertua da plater nagusia.

Ekitaldiak arratsaldean hasiko dira Foru Plazan. Eskualdean barna hainbat kilometrotako ibilbidea egingo duen Spiderabel korrikalari ezagunari harrera egingo diote 18.00etan, Erautsi taldearen laguntzarekin. Txistulari elkarteak kalejira egingo du Urduñako kaleetatik, eta 19.30ean, autokarabanen aparkalekuan egokitutako jaialdiaren guneko ateen irekiera egingo dute.

Bere azken diska aurkeztuko duen Moonshine Wagon izango da kontzertuen gunea inauguratuko duen lehen taldea, eta ondoren, DJames-en emanaldia izango da Reincidentesen kontzertuaren aurretik.

Larunbatean, tortillak, jolasak eta ETS
   
Larunbat goizean, tortilla txapelketa, haur jolasak, txalaparta, Bihotza Konpartsaren buruhandiak eta Erauntsi dantza taldea izango dira egitarauaren protagonistetako nagusiak, baina gonbidatu gehiago ditu ekimenak, bizikleta erronka bat izango baita, bizikleten erakusketa, eta Bilbotxeros eta Arlotesen parte hartzea.

Arratsaldeko 19.30ean zabalduko dira berriz jaialdiaren guneko ateak, Modus Operandi, DJTurru eta ETS-ren emanaldiari hasiera emateko.

Sarrerak salgai daude Aefat elkartearen webgunean, «jarduera solidarioak» izeneko karpetan. Atal horretan, laguntza eman nahi duten baina jaialdian parte hartu ezin dutenentzat «0. ilara» egokitu dute.