GAUR8

Kantauriko algen populazioa eta Mediterraneokoarekin duen gero eta antz handiagoa

EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak hemendik 50 edo 100 urtera penintsularen iparraldeko kostaldeko algen populazioan izango diren aldaketak aurreikusi ditu. Ondorioztatu dutenez, Galizak antzera jarraituko du, baina Kantauriko kostaldean jada aldaketak ematen ari dira klima-aldaketa dela eta.

Algak euskal kostaldean, artxiboko irudian.
Algak euskal kostaldean, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak klima-aldaketa makroalgetan eragiten ari den aldaketak aztertu eta etorkizunean komunitate horretan gertatuko diren aldaketei buruzko iragarpena egin du lehenengoz. Ondorioztatu dute itsasoaren tenperaturaren igoeraren eraginez, Kantauriko kostaldeko algek antz handiago bat izango dutela Mediterranekoekin, Galizak bere komunitateari eusten dion bitartean.

Itsas Bentos taldeko ikerlariek algen banaketan izaten ari den eraldaketa aztertu dute. Aldaketa horrek lotura handia du itsasoaren tenperaturaren igoerarekin, eta ez da azken urteotako fenomeno berri bat, desoreka horiek itsas ekosistemetan azken hamarkadetan eman baitira.

Zehaztu dutenez, askotan ikertu da klima-aldaketak espezieen banaketan duen eragina, baina gutxiagotan sakondu da komunitate-ikuspegian. EHUko aditu taldeak lehen aldiz eredu bat aplikatuta garatu du ikerketa, berrogeita hamar edo ehun urte barru «Iberiar penintsularen iparraldeko –Galizatik Euskal Herrira– mareapeko makroalgen komunitateetako aldaketak aurreikusteko».

Uraren tenperatura, «faktore nagusia»

«Ikusi dugu uraren tenperatura dela gure azterketa-eremuan makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia; mantenugaien eskuragarritasuna, berriz, bigarren mailako faktorea dela ikusi dugu», adierazi du Nahiara Mugerza ikertzaileak. Erantsi duenez, «uraren tenperaturak eragin handia du makroalgen biziraupenean, hazkundean, ugalketan eta erreklutamenduan».

Emaitzek ikerlarien hipotesiaren zati bat berresten dute, etorkizunean iparraldeko kostaldeko populazioek hegoaldekoekin gero eta antz handiago bat izango dutela dioena. Argitu dutenez,  «eszenatoki ezkorrenean, ipar-mendebaldeko komunitateak (Galiza) gainerakoetatik desberdinak izaten jarraituko dute, eta ur hotzezko espezieak babestuko dituzte», baina erdiguneko eta ekialdeko multzoak Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izan dute, eta horren ondorioz, ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan.