GAUR8

Depresioaren eraginak eta behar duen zaintza azalduko ditu Agifesen hitzaldi batek Zumarragan

Depresioari buruzko hitzaldia antolatu du Agifesek hilaren 21erako Zumarragan. Saioan, nahasmenduak izaten dituen eraginak eta behar duen zaintza azalduko du Maider Gorostidi elkarteko psikologoak.

Datorren astearteko saioa iragartzen duen kartela.
Datorren astearteko saioa iragartzen duen kartela. (AGIFES)

Agifes buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak depresioaren gaineko solasaldia antolatu du Zumarragan hurrengo astearterako (hilak 21). Hiru alderdi jorratuko ditu hitzorduak: nahasmenduaren deskribapena, bizipenak eta gaixoek behar duten zaintza.

Maider Gorostidi Agifeseko psikologoak depresioa deskribatuko du, nahasmenduak egunerokotasunean dituen eraginak zehaztuz. Horrekin lotuta, depresioak jota dauden pertsonek zer zainketa mota behar duten azalduko du adituak.

Zumarragako Zelai Aristi kultur etxean izango den saioan, bestalde, lehen pertsonan kontatutako bizipenak entzun ahal izango dira, Marta Martinezek depresioarekin izandako esperientzian zentratuta eta Agifesek eskainitako baliabideek errekuperazio-prozesuan nola lagundu dioten azaltzeko.

Elkarteak gogoratu du Osakidetzaren datuen arabera, hamar pertsonatik batek gutxienez depresio-gertakari bat izango duela bizitzan zehar. «Pertsona horien %40k ez die profesionalei kontsultarik egiten, ezjakintasunagatik edo beldurragatik», gaineratzen du Agifesek.

Gorostidi psikologoaren esanetan, laguntza eskatzea garrantzitsua da. Nabarmendu duenez, «pertsonaren egoera hobetu daiteke laguntza eskatzen den momentuan, norberak nahi duen bizitzaz gozatzera heltzeraino».

Solasaldia 18.30ean hasiko da, “Depresioa daukat: Hitz egin dezagun” izenburupean.