GAUR8

Atzerrian praktikak egiteko 60 beka, 30 urtetik beherako tituludunentzat

Uztailaren 18ra arte zabalik dago EHUn «Atzerrian Praktikak Egiteko Bekak» programan izena emateko epea. Guztira 60 beka dira, ezagutza arlo askotarikoak, enpresetan zein erakundeetan lan egiteko.

EHUk kudeatuko ditu edizio honek eskainzten dituen 60 bekak.
EHUk kudeatuko ditu edizio honek eskainzten dituen 60 bekak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Abian da 30 urtetik beherako tituludunei zuzendutako “Atzerrian Praktikak Egiteko Bekak” edo “Global Trainning” izeneko programa. Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eta Lakuako Gobernuak bultzatutako ekimena da, eta 60 beka eskainiko ditu aurten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazte tituludunentzako programak mugaz gaindiko mugikortasuna bultzatzea du helburu. Ezagutza arlo zabaleko praktika ordainduak dira, enpresa zein erakundeetan, profil profesionalaren araberakoak eta prestakuntza praktikoko plan batean oinarrituta.

Ingeniaritza, teknologia, laborategi edo arkitekturarekin lotutako praktika profesionalez gain, beste arlo batzuk jorratzeko aukera dagoela zehaztu dute.

Kontserbazioa, emakumeen eskubideak...

Izan ere, eskaintzan garapen jasangarriarekin zerikusia duten praktikak badaude, Nazio Batuen Munduko Itunen Sarean bertan, adibidez; baita kontserbazioarekin lotutakoak, Hegoafrikako Biodibertsitatearen eta Garapenaren Institutuan eta Hegazti Harrapariak Aztertzeko eta kontserbatzeko Zentroan, edota kultura arlokoak, Estatu Batuetako Euskal Museoan eta Lisboako edo Limerickeko galerietan.

Genero berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutako praktikak ere programaren barruan daude, Panamako NBE Emakumeak erakundean edo Promundo Globalen (Washington).

Egonaldien iraupenari dagokionez, 6 eta 12 hilabete artekoak izan daitezke. Programaren inguruko informazioa EHUko webgunean dago eskuragarri, baita izena emateko sarbidea ere.