GAUR8

Bueltan dira euskara eta hankak indartzeko AEK-ko Udako ibiltariak

Udan mintzapraktika egin nahi duenak mendiko botak jantzi edo bizikleta har dezake Euskal Herriko mutur batetik bestera ibiltzeko. Udako ibiltariak programa proposamen berriekin dator.

Aurten, udan, euskara praktikatzeko Udako Ibiltariak proposamena berreskuratu dute.
Aurten, udan, euskara praktikatzeko Udako Ibiltariak proposamena berreskuratu dute. (AEK)

Azken bi urteko geldialdiaren ostean, aurten bueltan dira AEK-k antolatzen dituen Udako Ibiltariak. Bizikletaz zein oinez, euskara eta hankak indartuko dituzten hainbat proposamen aktibatu ditu hurrengo hilabeteetarako.

Uztailaren 16tik 31ra, “Euskal Herria muturretik muturrera” da proposamenetako bat. «Barnetegi honetan Euskal Herria mendebaldetik ekialdeko muturreraino oinez zeharkatzea» da AEK-k planteatzen duen erronka.

Mendiko botak jantzita, plana da 15 egunez euskaraz mintzatzea, herriak, leku bitxiak edota ohiturak ezagutzea eta euskalki ezberdinetara hurbiltzea. Egunero 25 kilometro inguru egingo dituzte ibiltariek eta Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar eta beste mendiguneetatik igaroko dira, uztailaren 29an, Nafarroako Hiru Erregeen Mahaiara iristeko.

AEKtik zehaztu dutenez, motxilak, dendak eta gainontzeko materiala furgonetan eramango dute, eta «euskara eskolarik ez da egongo, baina hizkuntzarekin lotutako hainbat ekintza» egiteko aukera izango da.

Izan ere, plangintzan aurreikusita dago tokiko hiztunekin harremanetan jartzea, kultura jarduera ezberdinetan parte hartzea eta musika emanaldiekin edo bertso afariekin gozatzea.

Paraje esanguratsuak ezagutu

Bizikleta maite dutenentzat, abuztuaren 1etik 15era, Urkiolako basoak, Bardeetako basamortua, Prinioetako mendizerrak, Iparraldeko malda berdeak, Bortzirietako bailarak eta Sakanako ikuspegi ederrak biltzen dituen eskaintza prestatu dute.

Etapa bakoitzeko xehetasunak, prezioak eta antolaketari dagokion informazio guztia AEKren webgunean ikus daiteke. Izen ematea web orrian bertan egin daiteke.