GAUR8

Bikote nerabeen ziber-indarkeria prebenitzeko proiektu pilotu bat aktibatu dute EAEn

Bikotekide nerabeen arteko ziber-indarkeria prebenitzeko programa pilotu bat esperimentatu du EHUko PSIDES ikertaldeak EAEko hiru ikastetxetan. Gaia curriculum formalean derrigorrezko ezagutza izan beharko litzakeela planteatzen dute.

EHUko PSIDES ikertaldeko adituak, irudian.
EHUko PSIDES ikertaldeko adituak, irudian. (Nuria DEHESA | EHU)

Bikotekide nerabeen arteko ziber-indarkeria prebenitzeko proiektu pilotu bat jarri du abian EHUko PSIDES ikertaldeak EAEko hiru ikastetxetan.

Arazoa gero eta ohikoagoa da, eta ez da bikotea kontrolatzera mugatzen. «Beste pertsonari min egitera bideratutako ekintza errepikatuen multzoaz» hitz egiten dute adituek.

Gogoratu dutenez, nerabeen artean %60k sufritu du online jazarpena, eta horrek har ditzakeen forma ezberdinak zehaztu dituzte: sare sozialetan bikotekidearen profila maiz bisitatzea, mezu iraingarriak edo mehatxagarriak bidaltzea, hari buruzko informazio negatiboa zabaltzea edo pasahitzak lapurtzea eta bidegabeki erabiltzea, besteak beste.

Ekintzak, gainera, harremanak iraun bitartean eta amaitu ostean mantendu daitezkeela zehaztu dute.

Indarkeria mota horri aurre egiteko, EHUko sei psikologok eta bi hezitzaile sozialek osatzen duten PSIDES ikertaldeak “Cyber Dating Abuse-Stop” (CDA-Stop) izeneko programa pilotu bat jarri dute martxan hiru ikastetxetan, DBH 2 eta 3ko ikasleei zuzenduta.

Ekimenak ziber-indarkeriaren inguruan heztea eta kontzientziatzea du helburu. Urtarrila eta maiatza artean institutu publiko batean eta ikastola batean aplikatu da, eta irailean itunpeko beste ikastetxe batean garatuko da.

Bultzatzaileen esanetan, esperientziak oso harrera ona izan du irakasleen artean, geletan sumatu baitituzte harreman ez osasuntsu horiek.   

Harreman erromantiko estereotipatuak

Adituek gogoratu dute bikote harremanetako indarkeria ez dela bakarrik offline ematen, eta jazarpena erraz hedatzen dela nerabeek erabiltzen dituzten sare sozialen eta Interneten bidez.

«Nerabeek sexistak eta maitasun erromantikoaren mitoak diren jarrerak identifikatzen badakite ere, online mundu horretan ez dute hausnarketa hori egiten, ez dute pentsatzen», azaldu du Maria Dosil ikerketa taldeko eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak.

Testuinguru horretan kokatzen ditu harreman estereotipatu eta idealizatuak erakusten dituzten publikazioei ematen dizkieten like-ak, baita indarkeriaren parte diren portaera eta jarrerak identifikatzeko izaten dituzten zailtasunak ere.

«Ideia sexista sakonak barneratzen dituzte»

«Ideia sexista oso sakonak barneratzen» dituzte,  ostean «oso zailak dira aldatzeko», eta arrisku pertsonalak sortzen ditu «adibidez, haien umeak hezteko moduan eta beren bizitza profesionalean hartuko dituen erabakietan», planteatzen du adituak.

Gazteengan eragiten dituen ondorio larriak nabarmendu ditu, halaber, eta «curriculum formalaren barnean derrigorrezko ezagutza» izatearen beharra azpimarratu du Dosilek. Esan duenez, oso garrantsitsua da prebentzioa txikitatik egitea, «zortzi urte edo aurretik».

Ziber-indarkeria prebenitzeko proiektu pilotuak 12 saio ditu eta emozioak eta haien ezagutza eta kontrolarekin hasten da, interneteko arriskuen azterketa da bigarren urratsa eta hirugarren moduluan, indarkeria bera lantzen da.

«Programa pilotu honetan, eta beti bezala bikotean edozein motatako indarkeria landu aurretik, beste trebetasun batzuk landu behar dira, hala nola adimen emozionala, sexismoa, genero-rolak, enpatia, Interneten arriskuak oro har, segurtasuna sare sozialetan eta, ondoren, bikotearen indarkeria, Internetetik kanpo gertatzen dena», azaldu du ikerlariak.