GAUR8

Adikzioak familian uzten duen arrastoa hizpide AERGIren gela irekietan

Mendekotasunak familian uzten duen arrastoa eta azken horrek errehabilitazioan jokatu behar duen papera aztertuko du AERGIk astelehen honetan, solasaldi batean. Online jarraitu ahal izango da, elkartearen webgunean.

Adikzioa gainditzeko prozesuan familiak jokatu behar duen papera aztertuko du Josean Fernandez aditu eta AERGIko presidenteak.
Adikzioa gainditzeko prozesuan familiak jokatu behar duen papera aztertuko du Josean Fernandez aditu eta AERGIko presidenteak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Josean Fernández AERGIko presidenteak mendekotasuna duten edo errehabilitazioan dauden pertsonen eta haien ingurune hurbilenaren arteko harremanei buruz hitz egingo du gaur arratsaldean, elkarteak Lasarte-Oriako Antxota kalean duen egoitzan.

Prebentzioari eta Droga Mendekotasunei buruzko Masterra Valentziako Unibertsitatean, Fernándezek errehabilitazioan familia jokatzen duen paperean sakonduko du. Aurreratu dutenez, mendekotasun-arazoak dituen pertsona batek bere egoera geldiaraztea erabakitzen duenean familiak nola jokatu behar duen, «zer rol hartu behar duen» azalduko du.

Fernandezek berak azaldu duenez, mendekotasuna duen pertsona baten familia «bolborategi emozionala» izan ohi da, eta horrek hainbat etapa izaten ditu.

Adikzioa hasten den unean okultismoa nagusitzen da eta arazo bat dagoela ikusi nahi ez izatea; gainprotekzionismoa beste etapa bat izaten da, eta horren ondorioz, familiatik ihes egiteko eta mendekotasunean babesa aurkitzeko joera egon daiteke.

Birgaitzeko prozesua hasten denean, familia-nukleoak paper garrantzitsu bat jokatzen du. Adituak azaltzen duenez, «familiak koadikzio egoeran daude eta akatsa da arazoa kontsumitzen duen pertsonak bakarrik duela pentsatzea».

Birgaitzea ez da bakarrik kontsumitzeari uztea, kontsumoak iraun bitartean adikzioa duen pertsonak eta familiak bizi dituzten egoerak zuzentzea ere bada.

Ohiko akats bat zuzentzeko gakoak

«Kontuan izan behar da mendekotasuna duen pertsonaren ingurunea maila psikologikoan kaltetuta dagoela, eta hori argi izatea garrantzitsua da errehabilitazioa aurrera eramateko. Antsietatea, larritasuna, pertsekuzio-mania eta, batez ere, kontrola… mendekotasuna duten pertsonak kontsumoa kontrolatzearekin tematzen dira, eta familiak adikzioa duen pertsona kontrolatzearekin», azaltzen du Fernandezek.

Zehazten duenez, batzuetan familiak ez du ulertzen jokatu behar duen papera eta prozesuan parte hartu behar duten alde biak urruntzen dira. «Hau akats bat da eta gaizki amaitzen ohi da», nabarmentzen du adituak.

Egoera adierazten duen datua ematen du: «Kasuen %75ean familia ez da birgaitze zentroan agertzen».

Errehabilitazioa hasteko lehen urratsa profesionalekin edo AERGI bezalako zentroekin harremanetan jartzea da, bertan emango baitizkiote adikzioa kudeatzeko gakoak.

«Adikzioa duen pertsona batekin hitz egiten den guztietan, argi utzi behar da irtenbide bat dagoela, eta hitz hori buruan grabatuta geratu behar da», eransten du AERGIko presidenteak.

Hitzaldia 19.30ean hasiko da eta aurrez aurre jarraitu ahal izango da, edukiera bete arte. Online jarraitzeko aukera ere eskainiko dute, elkartearen webgunearen bidez.