GAUR8

Adingabekoen osasun mental, fisiko eta sozializazio arazoei buruzko graduondokoa eskaintzen du EHUk

EHUk “Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaro gizarte eta hezkuntza proposamenak” izeneko graduondokoa jarri du abian, nerabeekin eta gazteekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta.

Buru osasunaren inguruko kontsulten haziera nabarmena aipatzen dute, formakuntzaren atzean dagoen errealitatea azaltzeko.
Buru osasunaren inguruko kontsulten haziera nabarmena aipatzen dute, formakuntzaren atzean dagoen errealitatea azaltzeko. (Endika PORTILLO | FOKU)

Nerabezaroan eta gaztaroan agertzen diren buru-nahasmenduen edo arrazoi ezberdinengatik izan daiteszkeen sozializazio arazoen aurrean, «ingurune seguruak bermatu» eta «estrategiak eta esku-hartzeak» garatzeko gaitasunak lantzea da EHUren graduondokoaren helburu nagusia.

Bistakoa da formakuntzak hezkuntza munduan aritzen diren eragileentzako duen interesa, baina, azaldu dutenez, gazteekin lan egiten duten mota guztietako profesionalei zuzenduta dago. Unibertsitateko aditua titulua eskainiko du.

Formakuntza horren atzean dagoen errealitatea azaldu dute, UNICEFen 2021eko txostenak jasotako kalkulua gogora ekarrita: 10 eta 19 urte bitarteko gazteen %13k buru-nahasmendua du. Horrez gain, nahasmendu mentalak 14 urte bete aurretik hasten direla gogoratu dute.

«Hainbat ikerketaren arabera, osasun mental, fisiko eta gaitasun akademiko eta sozialen eza dira arazorik komunenak haur, nerabe eta gazteen artean», nabarmendu du EHUk ohar batean.

Horren ondoan, adingabeek jasaten dituzten abusu, jazarpen edo tratu txarrak aipatu dituzte (haur eta gazteen %25, Save The Childrenen arabera), baita gero eta kezka handiagoa eragiten duten eskolako bizikidetza eta berdinen arteko tratu txarrak, osasun mentaleko arazoen haziera, pobrezia edo bazterketa arrisku kasuak, eskola uzteko tasa altuak edota haur pornografiarekin lotutako delituak ere, tratu txarren estatistikak areagotzen dituzten faktoreen artean.

Ikuspegi pedagokiko berritzailea eta aktiboa

Arazo horien aurreko prestakuntzak ikuspegi pedagogiko berritzailea eta aktiboa izango du. Educorekin elkarlanean, Lakuako Hezkuntza Saileko Berritzegunearen laguntza du formakuntzak eta 30 plaza eskainiko ditu. Izena emateko epea uztailaren amaieran itxiko da.

Graduondokoan garatuko den formazioaren inguruan, errespetua, eskubide eta aukera berdintasuna bermatzen duten esperientziak eta jardunbide egokiak landuko dituela aurreratu dute, eta komunitatearen eta autozaintzaren balioa ere azpimarratu dute.

Zehaztutakoaren arabera, «pedagogia aktiboak gidatzen dituzten printzipioetan» sakonduko da, «psikodramaren, pedagogia sistemikoaren edo neurozientziaren teknika aktiboak eta bizipenezkoak hezkuntzaren eta gizartearen esparruan txertatuz».

Landuko diren proposamenek balioa emango diete, bestalde, «emozioari, arteari, mugimenduan dagoen gorputzari eta espazioari», azpimarratu dutenez, «ikaskuntza espazioetan mindfulness eta yoga estrategiak txertatuz ikaskuntza adierazgarrirako eta hezkuntza prozesuen laguntzarako oinarri gisa».