GAUR8

Bi ikerketa proiekturako deialdia egin dute Bertsozale Elkarteak eta Mikel Laboa Katedrak

Bertsozale Elkarteak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak elkarrekin bi ikerketa deialdi egin dituzte. Urriaren 18ra arte bidali ahal izango dira proiektuak edota ikerlanak eta bertsolaritza izan behar dute ikergai.

Irudian, aurtengo Sanferminetako bertso saio bat.
Irudian, aurtengo Sanferminetako bertso saio bat. (Jon URBE | FOKU)

Azken urteotan Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez urratutako elkarlanari jarraipena emango diote UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak. Hala, ikerketarako deialdia egin dute elkarrekin eta bi sari banatuko dituzte: Ikerketa Proiektu Sari bat eta GRAL Sari bat. Gaur ireki da bietara aurkezteko deialdia, eta urriaren 18ra arteko epea izango da.

Ikerketa Proiektu Saria oraindik egin gabeko ikerketentzat da; hau da, epaimahaiak jasotzen direnen artean ikerketa proposamen aproposena aukeratu eta hori urtebeteko epean gauzatzeko 2.500 euroko dirulaguntza jasoko du ikertzaileak. GRAL Saria, bestalde, jada amaituta eta defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanentzat da: 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanak onartuko dira. Lan aukeratuaren ikertzaileak 600 euroko saria eskuratuko du.

Bi kasuetan bertsolaritza izan behar da ikergai nagusia, edozein jakintza alorretatik abiatuta: antropologia, robotika, hizkuntzalaritza... Informazio gehiago topatu daiteke bi lotura hauetan: Ikerketa Proiektu Saria 2022 eta GRAL saria 2022.

Bertsozale Elkartearekin egindako bi ikerketa deialdi hauez gain, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak ikerketa deialdi gehiago ere egiten ditu. Horien berri katedraren webgunean topa daiteke.