GAUR8

Malkoek elkartasun aktiboa pizten dute, ikerketa baten arabera

Seinale emozionalek migratzaileekiko erreakzio sozialetan duten eragina aztertu du UPV/EHUren parte hartzea izan duen ikerketa batek. Lanak erakutsi du negarrak laguntza aktiboa emateko prestutasuna pizten duela.

Irudian, ikerketa taldeko kideak.
Irudian, ikerketa taldeko kideak. (UPV/EHU)

UPV/EHUko Kultura, Kognizioa eta Emozioa taldeko ikertzaileek malko emozionalek beste talde batzuetako pertsonekiko elkartasuna piztu dezaketen aztertu dute.

Ikerketa etorkinekiko enpatian eta elkartasunean jarri du fokua, laguntza emozionalaren eta instrumentalaren eskaintzaren atzean egon daitezkeen mekanismoei erreparatuta.

Magdalena Bobowik doktoreak azaldu duenez, lanaren abiapuntuan galdera bat dago: «Jendeak lagundu nahi izaten die negar egiten dutenei, baina harrera-gizarteko pertsonek prestasun handiagoa daukate etorkinei laguntzeko negarrez ageri diren irudiak ikusten dituztenean?».

Seinaleen eragina

Kulturartekotasunaren testuinguruan, emozio-malkoek izan ditzaketen ondorio sozialen gainean egindako lehen ikerketa da, azpimarratu dutenez, baita halako emozio-seinaleek harrera gizarteak pertsona migratzaileekiko dituen erantzunak alda ditzaketela erakusten duen lehena ere.    

Zehaztutakoaren arabera, ikerketa Utrechteko Unibertsitatearekin (Herbehereak), Jagiellonian Universityrekin (Polonia) eta New School of Social Research-ekin (AEB) lankidetzan egin da.

Hiru esperimentu egin zituzten 546 heldurekin, «zeinetan aurpegiera emozionalen irudi estandarizatuak erabili baitzituzten».

«Malkorik gabeko aurpegiekin alderatuta (hau da, neutroak eta tristeak), behatzaileek amultsuago ikusi zuten etorkina, baina ez gaitasun gutxiagokoa», azaldu du Bobowikek.

«Gupida handiagoa sentitu zuten (baina ez ondoeza) eta prestasun handiagoa erakutsi zuten etorkinei laguntza emozionala eskaintzeko (hau da, harengana hurbildu eta kontsolatzeko) eta laguntza instrumentala eskaintzeko (hau da, etorkinei laguntzen dien erakunde bati dirua emateko, baina ez beren denbora eskaintzeko)», erantsi du ikertzaileak.

Nekane Basabe Gizarte Psikologiako katedradunaren esnetan, frogatu dute «malkoak afiliazio-seinale unibertsalak direla, goxotasuna transmititzen dutela, errukia pizten dutela (baina baita haserrea ere) eta handitu egiten dituela beharra duen etorkin bati kontsolamendu emozionala eta diru-dohaintza emateko».

Ikerketaren emaitzekin lotuta, hitzik gabeko komunikazioa eta emozioen adierazpenek zer ondorio duten ulertzeak duen garrantzia azpimarratu du Basabek, diskriminazioa eta aurreiritziak saihesteko».