GAUR8

Hamar elementu historiko-artistikoren kontserbaziorako laguntzak Araban

Herri ezberdinetako hamar elementu historiko-artistiko zaharberritzeko proiektuek Aldundiaren laguntza jasoko dute. Aurtengo deialdian hautatutako proiektuen artean, Nestor Basterretxearen ‘Araba’ eskultura dago.

Irudian, hildakoak garraiatzeko erabiltzen ziren andak, Markinezen.
Irudian, hildakoak garraiatzeko erabiltzen ziren andak, Markinezen. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko edo zaharberritzeko daukan programaren barruan lagunduko dituen esku hartzeak zehaztu ditu.

Guztira, hamar proiektu izango dira diruz lagunduko direnak, eta 76.295 euroko inbertsioa egingo da. «Iaz ondasun kopuru berbererako esku hartzeak lagundu ziren diruz, baina 54.000 euroko inbertsioa egin zen», adierazi dute Foru Aldundiko iturriek.

Zaharberritzeko lanen inbertsio orokorra 103.718 eurokoa da. Diputazioak % 80ko ekarpena egingo du, eta gainerakoa toki erakunde eskatzaileak ordainduko du.

Toki erakundeek sustatutako ekimenetarako laguntza ekonomikoak arautzen ditu programak, ondare elementuak kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku hartzeak sustatzeko.

Askotariko proiektuak

Aurten, askotariko proiektuak daude: zurezko erretaula barroko bat, harrizko tenplete-sagrario gotiko bat, ehun liturgikoak, eskola mapa bat, fatxadako armarri bat, harrizko gurutzadura bat, San Antonioren eskultura bat eta Vicente Goikoetxearen beste bat, Nestor Basterretxearen 2021ean agertu zen Araba eskultura eta hilak eramateko andak.

Aurtengo laguntza deialdian, Gauna, Birgaragoien, Eltziego, Leziñana Oka, Bastida, Agurain, Murgia, Aramaio, Asparrena eta Markiz herrietakoak dira onuradun izan diren toki entitateak.