GAUR8

Prestakuntza saioak antolatu dituzte Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketaren harira

Doako prestakuntza saioak antolatu dituzte irailaren 21etik 23ra, Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketaren inguruan, sei euskal hizlari garrantzitsuren eskutik.

Kirol anitzeko Europako triatloi txapelketaren inguruko jardunaldien artean, prestakuntza saioak antolatu dituzte.
Kirol anitzeko Europako triatloi txapelketaren inguruko jardunaldien artean, prestakuntza saioak antolatu dituzte. (Bilbao Bizkaia Triatlon)

Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketaren barruan, hiru prestakuntza saio antolatu dituzte Kirolaren Euskal Eskolak, Triatloiko Euskadiko Federazioak eta FETRIk (Entrenatzaileen eskola), ezagutzak hobetzeko helburuarekin.

Prestakuntza jardunaldiak irailen 21ean, 22an eta 23an izango dira, entrenatzaile, triatleta eta orokorrean triatloian interesa duten pertsona guztiei zuzenduta.

Zornotzan, Getxon eta Bilbon ospatuko dira saioak, arratsaldeko ordutegian, 18.00etatik 20.00etara.

Emakumeen triatloia, jorratuko diren gaien artean

Jardunaldiak irailaren 21ean hasiko dira Zornotzako Zelaieta Zentro Zibikoan, eta bi saio utziko dituzte: “Emakumeen Triatloia. Egiteko daukaguna”, Lide Azuetaren esku; eta “Kirol-ibilbide bat eraikitzen”, Ainhoa Muruak eskainita.

Fadura-Getxo igerilekuetan izango da jardunaldien bigarren proposamena, hori ere bi zatitan bananduta. Lehenengoak Peru Alfaro izango du hizlari “Nola hobetu ur irekietako igeriketa” gaiaren inguruan; eta Iñaki Arenal hautatzaile nazionalak “Triatloiaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz. Zer aldatu da?” hitzaldia eskainiko du.

Jardunaldien azken bi saioak Bilboko Kirol Klubean ospatuko dira, lehenean “Triatloiaren aurre-lehiaketa fintzen (tapering)” gaia jorratuko du Iñigo Mujikak, eta ondoren Jon Iriberrik “Biomekanika. Irabazi marginalak” izango du hizpide.

Izena emateko epea zabalik dago, eta doakoa da, azaldu dutenez.