GAUR8

Bisita gidatuak Elexaldeko Andra Mari elizan Jesus Muñiz historialariaren eskutik

Galdakaoko altxor handienetako bat da, Bizkaiko erromanikoaren eraikuntzarik garrantzitsuena dela esaten da, eta kultur ondare izendatua dago. Datorren astelehenean, abuztuak 15, bere ezaugarriak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izango da.

Elexaldeko Andra Mari eliza.
Elexaldeko Andra Mari eliza. (PRENTSA GALDAKAO)

Galdakaoko altxor handienetako bat da Elexaldeko Andra Mari eliza. Bizkaiko erromanikoaren eraikuntzarik garrantzitsuena dela esaten da, eta kultur ondare izendatua dago.

Datorren astelehenean, abuztuak 15, bere ezaugarriak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izango da Jesus Muñiz historialari adituaren eskutik. Andra Mariaren Jasokundearen eguna dela baliatuta, bisita gidatuak egingo ditu Muñizek interesa duten guztientzat.

Zehazki bi bisita gidatu egingo dira, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Ibilbide horietan zehar, tenpluaren historia eta elementu garrantzitsuenen ezaugarri artistikoak ezagutaraziko dira, hala nola, hegoaldeko portada monumentala, erromanikotik gotikorako trantsizioaren adierazgarri dena, titularraren irudi erromanikoa eta barrualdea apaintzen duten erretaulak.

Bisitak doakoak izango dira eta ordubete inguruko iraupena izango dute. 10.30ean hasiko da euskarazkoa eta 11.30ean gaztelaniazkoa. Hori bai, bertaratu ahal izateko aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, eta talde bakoitzak gehienez 30 parte hartzaile izango ditu.

Erreserbak egiteko epea ostiral eguerdira arte egongo da irekita Torrezabal kultur etxean, 08:30etik 14:00etara. Presentzialki edo telefonoz (94 457 12 82) egin daitezke izen emateak eta ostiral eguerditik aurrera lekua balego telefonoz deituta ere aukera legoke, 655 74 91 29 zenbakira deituta.

Bisitariek bost minutu arinago egon behar dute Elexaldeko elizaren arkupean.