GAUR8

Zazpi hilabeterekin simetria hautematen dute haurtxoek, ikerketa baten arabera

UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa taldearen parte hartzea duen azterketa batek haurtxoek simetria hautemateko duten sena aztertu du. Ikerketa hizkuntzen egitura den gramatika ulertzeko eta garatzeko gaitasunekin dago lotuta.

Heldu bat hilabeteko gutxiko haur bat paseatzen, artxiboko irudian.
Heldu bat hilabeteko gutxiko haur bat paseatzen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Psikolinguistikaren ikerketan aitzindaria den UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeak hiztunen garunean hizkuntzaren gaitasuna nola eskuratzen, adierazten eta antolatzen den ulertzeko ikerlanak burutzen ditu.

Ikerketa taldeko Ikerbasque ikertzaile Irene de la Cruz-Paviak Judit Gervain Paduako Unibertsitateko ikertzailearekin lankidetzan burututako lanaren gaineko artikulua argitaratu du berriki “Plos One” aldizkariak.

Zazpi hilabeteko haurrek mosaiko itxurako eredu bisual abstraktuetan egitura-simetria hautemateko duten gaitasuna aztertu dute. Lana Parisko Unibertsitatean egin dute, ehun bat hartxoren begirada-ereduak ikertuz.

Ikerketan ikusi dute «egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaikoak berezi» zituztela, eta «sekuentziaren luzerak edo simetria-mailak» ez zutela haien portaera nabarmen modulatzen.

«Emaitza horiek iradokitzen dute umetxoek azkar hautematen dutela egitura simetria eredu bisual konplexuetan», azaldu dute. De la Cruz-Paviaren esanetan, lanak baieztatzen du «zazpi hilabeteko haurtxoek gaitasun sendo eta automatikoa dutela egitura bat simetrikoa dela detektatzeko».

Erantsi duenez, «gaitasun hori bat dator beste estimulu batzuekin (hala nola zeinu-hizkuntzarekin, hizketarekin…) egindako beste ikerketa batzuetan aurkitutakoarekin; frogatu dugu haurrak oso onak direla egiturak eta erregulartasunak hautematen».

Gramatikaren egiturak bereganatzeko

Hizkuntzaren ikuspuntutik, ikertzailearentzat gakoa da ulertzea «haurtxoek egiturak erauzteko, eta erregulartasunak hautemateko eta arauak ikasteko dituzten gaitasunak zenbateraino diren hizkuntzarenak berariazkoak edo beste eremu batzuetakoak».

Nabarmentzen duenez, azterketa hauen ondorioz hobeto uler dezakete «oinarrizko zer gaitasun daukaten, zeintzuen bidez aukera izango baitute lehenik eta behin gramatikaren zati eskuragarrienekin hasteko eta pixkanaka, eraikiz joateko, hizkuntza baten gramatika bezain gauza konplexua bereganatu arte».