GAUR8

Elbira Zipitria izeneko katedra bat Quebecen, hizkuntza eta gizarte berrikuntza harremanetan jartzeko

Montrealeko McGill Unibertsitatean, Elbira Zipitria izeneko euskal ikasketen katedra berri bat jarri dute abian, unibertsitate horrek berak eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta. Hizkuntzaren garapenari lotutako gizarte berrikuntzak dira proiektuaren ardatzak, baita esperientzien trukaketa ere.

Elbira Zipitria katedra berriaren irekiera ekitaldia, irudian
Elbira Zipitria katedra berriaren irekiera ekitaldia, irudian (Etxepare Euskal Institutua)

Elbira Zipitria pedagogo, ikastolen sortzaile eta andereño berritzailearen izena hartu duen ikasketa egitasmoaren ardatz nagusiak euskal ikasketak eta gizarte berrikuntza dira. Montrealeko McGill unibertsitate kanadarrak eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatzen dute ekimena lankidetza hitzarmen baten bidez.

Egin berri den katedraren irekiera ekitaldian, hitzarmena sinatzearekin batera, hizkuntzaren irakaskuntza, plangintza eta erabilera jorratu dituen jardunaldi akademiko bat ospatu da eta bertan Euskal Herriko hizkuntza mailako zenbait ekimen izan dira hizpide.

Proiektuaren inguruan, euskal ikasketak eta gizarte berrikuntza harremanetan jarriko dituela adierazi zuen Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak.

Erantsi zuenez, egitasmoa bultzatzen duten bi erakundeen ustean ekarpen handiak ager daitezke testuinguru horretan bai Quebeceko errealitatetik zein Euskal Herrikotik.

Izan ere, gizarte eta kultura mailan sortu diren mugimendu eta eman diren pauso berritzaileak ikerketa gai izango dira katedra berrian.

Euskaraldia eta berrikuntza estrategien rola

Hain zuzen ere, hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rolaren inguruko hausnarketak zabaldu ditu proiektuak.

Hainbat adituren parte hartzea izan zuen foroan hiru euskal ordezkari izan ziren: Idoia Fernandez, UPV/EHUko irakaslea; Miren Azkarate, UPV/EHUko irakaslea, eta Pablo Suberbiola, Sozioliguistika Klusterreko ikerlaria.

Zipitriaren pertsonaiaren istorioari begira jarrita, Fernandezek nabarmendu zuenez, «oso ahulduta dauden jatorrizko komunitateetan –kolonizazioa jasan zutenak– emakumeak izan dira hizkuntzaren transmisioaren aldeko lana egiten dutenak».

«Elbira Zipitriaren pertsona eta Euskal Herrian duela mende erdi gertatu zena esperantza iturri bat da beraientzat bide horretan ez etsitzeko», aipatu zuen euskal irakasleak.

EAEn hizkuntza plangintzaren ikuspuntutik administrazio publikoan, hezkuntzan eta eremu sozioekonomikon eginiko bidea azaldu zuen Azkaratek, azaldu dutenez.

Bestalde, Euskaraldiaren esperientzia azaldu zuen Suberbiolak, hizkuntza ohiturak aldatzeko izan ditzakeen gaitasun eta mugen ikuspuntutik, eta gizarte berrikuntzaren aldetik dituen gakoak nabarmenduz.