GAUR8

Moda eta jasangarritasunaren inguruko hiru adituren gogoetak, San Telmo Museoan

Moda eta jasangarritasunaren inguruan hitz egingo da gaur arratsaldean San Telmo Museoan, Agora K2050 zikloaren barruan. Beharrezko eredu eta praktika berriez hitz egiteko, moda munduan eta iraunkortasunarekin lotutako gaietan aditu diren hiru gonbidatu daude.

Cristina Monge, Gema Gomez eta Mikel Elzo dira «Moda jasangarria(?)» hitzaldiaren gonbidatuak.
Cristina Monge, Gema Gomez eta Mikel Elzo dira «Moda jasangarria(?)» hitzaldiaren gonbidatuak. (San Telmo Museoa)

Moda eta jasangarritasuna binomioaren arteko loturak hizpide izango dira ostegun honetan (hilaren 15ean) San Telmo Museoan, Agora K2050 zikloaren saio berri batean. Solasaldia 19.00etan hasiko da.

Hiru aditu bildu dituzte gaiari heltzeko: Mikel Elzo Feijoo, Skunkfunk euskal arropa markaren sortzailea; Gema Gomez, moda, jasangarritasun eta negozioan aditua den Slow Fashion Next Prestakuntza eta Zabalkunderako Plataformaren sortzaile eta zuzendari exekutiboa, eta Cristina Monge politologoa eta doktorea, eta iraunkortasuna, kalitate demokratikoa eta trantsizio ekologikorako gobernantza interes-arloak dituena.  

Sarrera modura, hainbat datu jarri dituzte mahai gainean antolatzaileek. Gogoratu dutenez, «munduan 80.000 milioi jantzi fabrikatzen dira urtean, edozein behatzaile eskandalizatzen duen baliabide-kontsumoarekin».

Galtza bakeroen adibideari erreparatuta, 7.500 litro ur behar dira prakak egiteko, «pertsona batek zazpi urtean kontsumitzen duen litro ur kopuruaren parekoa».  

Erantsi dutenez, tinduek, ehunek, ekoizpenak eta garraioak sortzen duten xahutze-kate gehitu behar zaio mundu horren aztarnari, eta gainera, moda-industriaren zati handi batek arropak azkar kontsumitzearen eredua mantentzen du lan baldintza eskasen kontura.

Errealitate horren aurrean, eredua aldatzeko eta jasangarriagoa den arropa kontsumo batera hurbiltzeko ahaleginetan, gero eta marken sortzaile, diseinatzaile, enpresa eta ikertzaileren gehiago dagoela azpimarratu dute.

Eredu berri baterantz zabaltzen ari diren edo ireki beharreko bideak izango dira, beraz, Elzo eta Gomez Mongerekin mantenduko duten solasaldiaren gakoetako batzuk.

Errealitatea, begien aurrean

«Udak klima-aldaketaren errealitatea gure begien aurrean jarri du uneotan, bero-boladak (horiei lotutako heriotzekin), suteak eta lehorte agonikoa direla medio, beharrezkoa da iraunkortasunean aurrera egiten lagun diezaguketen elementu guzti-guztiei heltzea», adierazi du Mongek gaiaren inguruan.

Erantsi duenez, moda da horietako bat, «eta funtsezkoa, xahutzea dakarrelako eta herritarrek eredu-aldaketan paper aktiboa izan dezaketelako».

Gomezek gure gizartean berritasunak eragiten duen antsietatean jarri du fokua, baina «inoiz baino gehiago behar dugu planeta eder honetan gure egonkortasuna eta oreka bermatuko duen ekoizpen eta kontsumo sistemak diseinatzea», nabarmendu duenez.