GAUR8

Abian da «Zientzia zirkularra» programa, ikerlarien hitzaldi laburrak ikasleak ikerketara hurbiltzeko

Ikasgeletan zientziarekin gozatu eta ikerlarien lana ezagutzera eman nahi duen programa berri bat abiarazi du EHU/UPVk. «Zientzia zirkularra» du izena, eta bideokonferentzia laburren eta zientzilarien solasaldien bidez, ikasleak ikerketa mundura erakarri nahi dituzte.

«Zientzia zirkularra» programaren aurreko edizioa, irudian.
«Zientzia zirkularra» programaren aurreko edizioa, irudian. (EHU/UPV)

Hilaren 30ean, Ikertzaileen Europako Gaua ospatuko da. Ikerlarien lana eta horrek gizarteari dakarzkion onurak ezagutaraztea da Europa mailan egiten den zientzia-dibulgazioko ekimen horren helburu nagusietako bat, baina aldi berean, ikasleen artean karrera zientifikoak bultzatzea ere bilatzen du, «estereotipoak gaindituz eta genero-oztopoak ezabatuz».

Helburu horiekin bat eginez, eskoletako geletara heldu nahi den “Zientzia Zirkularra: zientzialariak eskolara bueltan” programaren edizio berri bat jarri du abian EHU/UPVk.

Ikerlariak geletara eramatea da asmoa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxillergoko ikasleei zuzendutako hitzaldi laburrak eskainiz eta zientzialariekin online solasaldiak izateko aukera emanez.

Hitzaldi horiek bideokonferentziaren bidez eskainiko dituzte. Gehienez 20 minutu irauten duten 31 hitzaldi laburrek osatzen dute programa, unibertsitatean egiten den ikerketa-lana azaltzeko. Horrez gain, lan horretan diharduten zientzialariekin zuzenean hitz egiteko aukera dute ikasleek.

Zehaztuta daude programak proposatzen dituen hitzaldiak eta bakoitza zein hezkuntza etapari zuzenduta dagoen, baita zein hizkuntzatan ematen diren eta zein egunetan eta ordutan eskainiko dituzten. Informazio osoa Ikertzaileen Gauaren estekan dago eskuragarri.

Energia berriztagarriak, plastikoak, material berriak, jasangarritasuna, soinu-kutsadura, klima-aldaketa, gizarte-erantzukizuna edota nutrizioa daude jorratuko diren gaien artean.

Programan parte hartu nahi duten ikasgelentzat, irailaren 22ra arte dago zabalik izena emateko epea. Zehaztu dutenez, 12.00ak arte egongo da eskuragarri bete beharreko formularioa, irakasle arduradunak bere lantaldearen izena eman dezan eta hitzaldira eta ondorengo mahai-inguruan parte har dezaten.