GAUR8

1936ko Ezkurdiko bonbardaketa eta haren ondorioak aztertuko dituzte Durangon

1936ko irailaren 25ean Ezkurdin izandako frankisten bonbardaketa eta horren ondorengo gertakariak aztertzeko eta gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak.

1936ko Ezkurdiko bonbardaketaren inguruko oroimen ekitaldiak iragartzen dituen kartela, irudian.
1936ko Ezkurdiko bonbardaketaren inguruko oroimen ekitaldiak iragartzen dituen kartela, irudian. (Gerediaga Elkartea)

Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak antolatuta, 1936ko Ezkurdiko bonbardaketa eta ondorengo gertaerak aztertu eta gogoratzeko ekitaldiak izango dira udalerri bizkaitarrean datorren astean.

«Irailaren 25eko Ezkurdiko bonbardaketan hildako hamabost milizianoak, egun berean mendekuz Durangoko hilerrian hildako 22 durangarrak eta ondoko urteetan faxismoak epaituak eta gertaeren errudun hartuz hildakoak» gogoratu nahi dira, azaldu dute antolatzaileek ohar batean.

Gertaera haiek argitzeko bi ekitaldi izango dira hilaren 21etik aurrera. Egun horretan bertan, Jon Irazabal, Pedro Barruso eta Jimi Jimenez adituek «bonbardaketaz eta fusilamenduaz» arituko dira mahai inguru batean, San Agustin Kulturgunean, 19.00etatik aurrera.

Oroimen ekitaldia, 25ean

Irailaren 25ean, bestalde, aipatutako gertakarietan izandako hildako guztiak oroitzeko ekitaldia antolatu dute Ezkurdiko Plazan, 12.00etan.

«Lehenengoz 1936ko irailaren 25ean gertatutakoa eta horrek izandako ondorioak modu bateratuan eta izan ziren moduan azaltzeko ariketa egingo dugu Gerediaga Elkarteak eta Durangoko 1936 Kultur Elkarteak», adierazi dute elkarte biek.

Ekimenarekin memoria historikoan sakontzen jarraitzeko urrats berri bat eman nahi dutela nabarmendu dute.