GAUR8

Buru osasun arazoa duten pertsonak babesteko neurri juridikoei buruzko hitzaldia Astigarragan

Buru osasun arazoa duten pertsonen babes juridikoan, lege berriak dakartzan neurriak aztertzeko hitzaldia antolatu du Agifesek Astigarragan, astelehenean. Arauak ezartzen duen markoa eta figurak zehaztuko dituzte bi adituk.

Buru osasun arazoak dituzten pertsonen babes juridikorako tresna berriak aztertuko ditu hitzaldiak.
Buru osasun arazoak dituzten pertsonen babes juridikorako tresna berriak aztertuko ditu hitzaldiak. (Juanan RUIZ | FOKU)

Ekainaren 2ko 8/2021 legeak buru osasun arazoa duten pertsonen estatus juridikoan ezartzen dituen aldaketak aletuko dituen hitzaldia antolatu du Agifes elkarteak Astigarragan, astelehenean (hilak 26).

«Arau horren bidez legeria zibila eta prozesala erreformatzen da, desgaitasuna duten pertsonei bere gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko», azaldu du osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak eta senideak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak ohar batean.

Zehaztu duenez, arauak desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza juridikoaren sistema nola aldatu duen azalduko da.

«Jada ez da hitz egiten pertsonak ezgaitzeaz, baizik eta pertsona bakoitzari behar dituen laguntza espezifikoak emateaz», nabarmendu du Esther Asponza Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kide eta abokatuak.  

Asponzak berak hartuko du parte asteleheneko solasaldian, Pedro Pardo Buru Osasuna Euskadi Federazioko aholkulari juridikoarekin batera.

Kolektiboarentzat eskuragarri dauden beste babes-neurri batzuk jorratuko dituztela aurreratu dute. Atal horretan, pertsona bati bere borondatea adierazteko gaitasuna galduz gero bere interesak ordezkatu eta defendatzeko beste pertsona bat izendatzeko aukera ematen dioten prebentzio-botereak bezalako figuren inguruko prozedurak azalduko dituzte.

Hitzaldia Astigarragako kultur etxean izango da, 18.00etatik aurrera.