GAUR8

Lan-prekarietateak osasun mentalean duen eragina aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

Dimentsioaniztuneko ikuspegi batetik, lan-prekarietateak osasun mentalean duen eragina aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek. Ondorioztatu du soldata mailak bi sexuetan duen pisua, eta zaurgarritasunak bereziki emakumeei eragiten die.

Irudian, Erika Valero Alzaga ikertzailea.
Irudian, Erika Valero Alzaga ikertzailea. (Unai ZORRIKETA | UPV/EHU)

Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoa ikertzen duen Opik taldeak lan-prekarietatearen eta soldatapeko gizon eta emakumeen osasun mentalaren artean dagoen erlazioa aztertu du, dimentsioaniztuneko ikuspegi batetik.

Dimentsio ezberdinen ikuspuntu hori nabarmendu du Erika Valero Alzaga taldeko ikertzaileak: «Uste dugu beharrezkoa dela lan-prekarietateari ikuspegi dimentsioaniztun horretatik heltzea; bestela, kanpoan utz ditzakezu lan-prekarietate gisa har daitezkeen baina aztertzen ari ez diren gauza asko».

Prekarietatearen EPRES eskalan oinarrituta, azterketak sei dimentsiotara begira jarri da: behin-behinekotasuna, desahalduntzea, zaurgarritasuna, eskubideak eta eskubideak erabiltzeko ahalmena.

2018. urteko Osasun Inkestaren lagin batean oinarritu da ikerketa, eta ondorioztatu du lan-prekarietateak eta osasun mental txarrak duten lotura. Zehaztu dutenez, gizonezkoetan eta emakumezkoetan ematen den errealitate bat da, baina ñabardurekin.

«Ikusi dugu dimentsio batzuk eragin handiagoa dutela osasun mentalean beste batzuk baino», azaldu du Valerok, eta zehaztu du bi sexuetan soldata maila buruko osasun txarrarekin lotuta agertzen dela, eta emakumeen artean, zaurgarritasuna, bereziki.

«Bitxia bada ere, Espainiako lan-merkatuaren ezaugarri aipagarrienetako bat da behin-behinekotasuna, eta beste aldagai batzuen eragina neutralizatzen badugu (adibidez, ikasketa-maila edo egoera sozioekonomikoa), aldagai horrek, bere horretan, ez dirudi osasun mentalari eragiten dionik», adierazi du ikertzaileak.

«Baliteke hori horrela izatea gure testuinguruan behin-behinekotasun tasa handiak dituzten sektore batzuetan, hala nola sektore publikoan, behin-behinekotasunak ez duelako beti lan-jarraipenaren inguruko ziurgabetasun handirik; baina horrek ez du esan nahi langileak egonkortzeko ahaleginik egin behar ez denik», erantsi du.

«Lehentasun politiko bat»

Gure lan testuinguruan sakonduz, aipatu du Valerok lan-prekarietateren banaketa ez dela homogeneoki banatzen, emakumezkoek betetzen baitituzte kalitate okerragoko lanpostuak.

«Gizonek baino kontratu mugagabe gutxiago dituzte, soldata-maila txikiagoa dute eta lanaldi partzialetan gehien daudenak dira», esan du ikertzaileak, gazteek eta egoera sozioekonomiko txarrean bizi direnen artean ere prekarietate maila altuago bat ematen dela gogoratuz.

Valeroren ustez, «lehentasun politiko bat izan beharko luke kontuan hartzea lanak oro har (ordainpeko lanak eta zaintzako eta etxeko lanak) zenbateraino eragiten duten pertsonen bizitzan».

«Orain arte kezka langabeziarekin amaitzea zen, ikusi baita osasunean eragin negatiboa duela; baina ez da soilik bermatu behar enplegua lortzea, baizik eta bermatu behar da enplegu duina eta soldata-maila egokiak izateko aukera», hausnartu du UPV/EHUko ikerlariak.