GAUR8

Uholdeak, lehorteak… arrisku naturalak dira?, erantzuna «Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat» jardunaldietan

Uholdeak, lehorteak, lurrikarak... noraino dira fenomeno naturalak eta noraino gizakiaren esku-hartzearen ondorio? Galdera erantzuteko, hainbat aditu bilduko dira Bizkaia Aretoan urriaren 17tik aurrera, «Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat» jardunaldietan.

Uholdeak, lehorteak edo lurrikarak bezalako fenomeno naturaletan eragiten dituzten faktoreak aztertuko dituzte Bilbon.
Uholdeak, lehorteak edo lurrikarak bezalako fenomeno naturaletan eragiten dituzten faktoreak aztertuko dituzte Bilbon. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Geologiarekin lotutako ikerkuntzaren inguruan aritzen diren UPV/EHUko zientzialariek antolatuta, “Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat” jardunaldien laugarren edizioa ospatuko da Bilbon, urriaren 17, 18 eta 19an.

Ohikoa denez topaketak gaurkotasun handiko gaietara hurbilduko dira berriz ere. Kasu honetan, galdera formatuan planteatu dute aztergai izango den gaia: «Uholdeak, lehorteak, lurrikarak, sumendiak eta bestelako arrisku geologiko» naturalak, «noraino dira naturalak?». Beste era batera planteatuta, «noraino daude lotuta» fenomeno horiek «gizakien esku-hartzearekin?».

Arrisku horien ikerketari hainbat diziplina geologikotatik heldu zaio, eta jardunaldiek horren inguruan dauden lanak ezagutzeko aukera eskainiko dute.

Hasierako ekitaldia 17.30ean hasiko da, eta zuzenenan ikusi ahal izango da streaming bidez, baita EiTBren ‘Kosmos’ kanalaren bitartez.

Lehorteak eta uholdeak bezalako uraren muturreko arriskuen azterketak zabalduko ditu jardunaldiak, Alfredo Ollero, Fernando Solsona eta Ane Zabaleta geologoen hitzaldi banarekin. Ondoren, mahai-inguru bat izango da.

Hilaren 18an, erupzio bolkanikoak, lurrikarak edo elur-jauziak izango dira protagonistak, Janire Prudencio, Antonio Aretxabala eta Jon Apodaka geologoen eskutik. «Bertatik bertara frogatuko dute nola lortu duen gizarteak arrisku horiekin batera bizitzea», aurreratu dute edukiaz.

Landa-irteera Gorlizera

Geologiari buruzko jardunaldiak Gorlizera egingo duten landa-irteera batekin itxiko dira 19an. «Bertan, ezponden ezegonkortasunaren inguruko adituek bertatik bertara azalduko dute nola aztertzen dituzten prozesu horiek eta zer egin daitekeen horien inpaktua arintzeko».

Doako ekitaldia da hau ere. Tomas Morales eta Jon Ander Clemente geologoek gidatuko duten bisita eta izen-ematea QR kode baten bidez egin behar da.

Guztira, 25 lagun da gehieneko aforoa izango du ekitaldiak, eta Bilbotik behaketa-guneetara autobusez joateko aukera dagoela zehaztu dute.

Jardunaldien laugarren edizioa Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidro-Ingurumenekoen (HGI) ikerketa-taldeak antolatu du, Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren lankidetzaz.